Sanjuanak dultzainaren erritmora ospatzen hasteko prest

Sanjuanak dultzainaren erritmora ospatzen hasteko prest
2016/06/22 eta kitto!
XIX. mendetik Eibarren ohitura den bezala, aurtengo San Juan jaietan ere Lizarrako dultzaineroen doinuak izango ditugu herriko kaleetan. Salvador Martinez, Juan Carlos Duñabeitia eta Gorka Sarasa 2008an hasi ziren Eibarrera etortzen, Miguel Angel Elizagari erreleboa hartu ondoren. Salvador Martinezek azaldu digunez, “lehenengo urtean, Miguel Angelekin etorri ginen eta berak erakutsi zigun Eibarren egin beharrekoa. Ezin da hitzekin azaldu Eibarren sentitzen duguna, benetan sinistezina da eibartarrek nola hartzen gaituzten eta adierazten diguten eskerrona eta maitasuna. Dultzaina entzutean dardarka hasten dira eibartarrak. Eskua ematera eta besarkatzera hurbiltzen dira guregana, ume txikien begiekin begiratzen gaituzte, eta pertsona desberdinak bagina sentiarazten gaituzte. Oso emozionantea da!”.
Hirukote honentzako pasioa eta profesioa da dultzaina. Lizarrako musika eskolan klaseak emateaz gain, beste leku batzuetara ere joaten dira instrumentu hau erakustera, esate baterako Debara edo Errioxako hainbat lekutara.”Eibarren ere eman izan ditugu klaseak, Perez Sarasketa zinegotzia izan zen garaian eta Jose Miguel Laskurain eta Elena Perez umetxoak zirenean”, gogoratzen du Salvadorrek.
Dultzaina “chirimía”ren familiako instrumentu tradizionala da, eta “bere soinua desberdina da jotzen duen pertsona edo herriaren arabera”. Gure inguruan bezala, Eibarren ere dultzaina edo gaiten soinua zuzen-zuzenean dago jaiekin lotuta, eta ekainaren 23an jaiei hasiera emateaz gain, dultzaineroak protagonista izango dira kalejira, erraldoi eta buruhandiekin eta goiz-erestietan. Libratzen duten uneetan Untzaga Plaza hotelean deskantsatuko dute eta Sanjuanak amaitzerakoan Zarauzko jaietara joango dira. San Pelaio jaiak amaitu eta jairik jai jarraituko dute hain gustuko duten lana egiten. Eta konturatu orduko... datorren urtean berriro izango ditugu gure artean.