Sanjuanetako danborrada biak aurkeztu dituzte antolatzaileek gaur arratsaldean, Izarra elkartean

Sanjuanetako danborrada biak aurkeztu dituzte antolatzaileek gaur arratsaldean, Izarra elkartean
2017/06/20 eta kitto!
Gaur arratsaldean aurkeztu dituzte San Juan jaietako danborrada biak antolatzaileek, Izarra elkartean, eta azaldu dutenez, urteroko martxan Untzagan hasiko da Danborradaren Alardea San Juan eguna hasi eta berehala, San Juan kantua abestu eta jarraian. Aurten ere Euskal Telebistakoak etorriko direla eta, “horren eraginez” Untzagan sei pieza joko dituzte, betiko ibilbideari ekin baino lehen eta bidean hainbat alditan geratu egingo dira: San Andres eliza parean, Urkizun, Arragueta/Ibarkurutzen, Toribio Etxebarrian eta, amaitzeko, Untzagan (harmailen aldean). Ibilbide osoan Eibarko Cielito Musika Bandakoen laguntza izango dute eta, horrez gain, megafoniarekin indartuko dute musika.

Azken urteotako bideari jarraituta, 300 bat kidek jardungo dute aurten ere, 11 konpainiatan (danborren sei konpainia eta barrilen bost) banatuta. Denera 20 pieza inguru eskainiko dituzte, ohiko errepertorioari jarraituta: 'Diana', 'Idiarena', 'Mutriku herria', 'Tatiago', 'Arragueta kalean', 'Aupa Mendaro', 'Hau dek hau', 'Eibarko martxa', 'Zezenak dira', 'Debako martxa'... Horiekin batera, “agian pieza berriren bat” joko dutela aurreratu zuten aurkezpenean: “Seguruenik Urkizun ‘Marcha de viejas’ izenburukoa joko dugu, entsaiatzen gabiltza eta. Ikusiko dugu, ondo irten ezkero beharbada errepikatzera animatuko gara”.

Danbor Nagusi berria

Helduen danborradak bestelako berritasunik izango du aurten: azken urteotan Jose Miguel Laskurain izan da Danbor Nagusia, baina iaz lagatzeko asmoa zuela aurreratu zuen eta hala izango da. Bere ordez Juan Luis Baglietto “Manli” izango da danborradaren gidari berria. Eta, horrekin batera, oraingoan figura berri bi gehituko zaizkio danborradari: Danborren kaboa (Juan Mari Lejardi “Pastor”) eta Barrilen kaboa (Jesus Mª Olmedo “Kata”). Leire Kareagak “oso modu ederrean” apaindutako karrozan, bestalde, iaz 75 urte bete zituen Eibarko Txirrindularien Elkarteko ordezkariak joango dira.

Umeen Danborrada, aurten talde bakarrean

San Juan bezperako jai giroari erreleboa hartuz, herriko gazteenen txanda iritsiko da San Juan egunean. 19:00etan hasiko da Umeen Danborrada Urkizun eta Untzagaraino egingo dute kalejira. Herriko ikastetxeetako haurrek hartuko dute parte aurten ere, eta azken asteotan buru-belarri entseiatzen aritu dira danborra jotzen ibiliko diren 300 bat umeak. Kalejira amaitu eta jarraian, 20:30ak aldera Untzagan sartuko da danborrada eta, Danbor Nagusiak pregoia irakurriko eta jarraian, alardea eskainiko diote harmailetan zain izango duten publikoari.

Aurtengo berritasun nagusia talde bitan banatuta joan barik, aurten denak elkarrekin, talde bakarrean joango direla izango da. Horrekin batera, Urkizutik abiatuko den kalejiran aurten txaranga bakarrak, Ustekabek lagunduko die, baina musika ondo entzun dadin megafonia erabiliko dute. Ikastolako Danbor Nagusia Naira Mc Elroy izango da, banderadunak Irati Telleria eta Miren Ortuzar eta Napoleon, berriz, Luken Telleria. Horiekin batera, beste Danbor Nagusiak hauek izango dira: Enara Gordillo (La Salle), Lorea Perez (Aldatze), Ariane Cabero (Urkizu) eta Silvia Ortiz de Lazkano (San Andres). Eta karrozan joango diren umeak, berriz, hauek dira: Alejandra Diaz, Paula Gonzalez, Yulene Gil, Danel Rodriguez, Karen Mc Elroy, Izaro Rial, Eider Moreno, Ainhize Egurrola, June Simal, Izaro Egiguren, Maialen Agirregomezkorta, Naia Montaño, Nagore Telleria, Maialen Salaberria eta Naroa Errasti.