Sarek antolatu duen Eibarko II. Berakatz Zopa Txapelketarako izen-ematea zabalik dago

Sarek antolatu duen Eibarko II. Berakatz Zopa Txapelketarako izen-ematea zabalik dago
2017/11/03 eta kitto!
Eibarko Sarek antolatuta, iazko azaroan Eibarko I. Berakatz Zopa Txapelketa egin zen, "#Stop Dispertsioa/Ibon etxera" kanpainaren barruan eta, taldeko ordezkariek azaldu dutenez, "zoritxarrez gauzak ez dira ezer aldatu: Ibon Muñoak kartzelan jarraitzen du, Euskal Herritik oso urrun, 800 kilometrora, Cordoban, eta salbuespeneko legediaren menpe, gainera, bere zigorraren 3⁄4ak beteta dituenez baldintzapeko askatasunean, etxean egon besterik ez zuenean. Gauzak horrela, egoera hau salatzeko, kanpainarekin aurrera jo beste erremediorik ez daukagunez, beste ekimen batzuren artean, Eibarko II. Berakatz Zopa Txapelketa antolatu dugu azaroaren 18rako".

Txapelketa Untzagan izango da, 12:00etan hasi eta 13:30ean amaitzeko. Antolatzaileek zoparako 2 ogi eta 2 berakatz buru jarriko ditu eta beste osagai guztiak norberak eraman biharko ditu, lapikoak barne. Bakoitzak nahi duen moduan prestatuko du zopa eta parte hartzeko bikoteka jardun beharko dute (kideetako bat gutxienez eibartarra izatea eskatzen dute). Izena emateko kuota 10 eurokoa da eta horretarako azken eguna azaroak 16, eguena (20:00etan) izango da. Buenos Aires tabernan karpeta bat ipini dute denen eskura. Hiru onenei saria emango diete (150 euro eta txapelak, 100 euro eta 50 euro). Sari banaketa amaitu eta gero, zopak Untzagan jango dira, antolatuko duten herri-dastaketan.

Antolatzaileek diotenez, "Eibarko elkarte guztietara gutunak bidali ditugu honen berri ematen, euren partaidetza ezinbestekoa dela uste dugulako. Iaz oso ondo pasatu genuen, primerako giroan eta aurten ere hala izatea espero dugu".

BIGARREN BERAKATZ ZOPA TXAPELKETA KARTELA 50x70 DEFA

BERAKATZ-ZOPA OINARRIAK