Sebastian Alvaro, mendizalea eta abenturazalea: “Ez dago abenturarik arriskurik gabe, baina hobe burua lagun izatea”

Sebastian Alvaro, mendizalea eta abenturazalea: “Ez dago abenturarik arriskurik gabe, baina hobe burua lagun izatea”
2017/03/07 eta kitto!
28 urtean TVEko “Al filo de lo imposible” abenturetako dokumentala zuzendu zuen. Berak dioen moduan, “200 abentura eta 350 dokumental” bildu zituen arrakasta handiko programa horretan. “Horrelako ikus-entzunezko fenomenorik ez da izan munduan” sinestuta, orain dela 20 urteko telebista gaur egungoaren parean handia zela esaten digu: “Akaso ni neu izango naiz beste denbora batekoa”. Gaur arratsaldean hitzaldia eskainiko du Portalean, Klub Deportiboak antolatutako Mendi Jardunaldien barruan.

– “Una vida al filo” du izenburu martitzenean eskainiko duzun hitzaldiak. Nondik nora joko duzu bertan?

Bizi dudanaren ibilbide sentimentala egitea gustatuko litzaidake, heldutasunagatik egindako hausnarketa. Eraman eta partekatu dudan bizitza kontatzeaz gain, horren nigan laga duen arrastoa komunikatu nahiko nuke. Gutako bakoitzari geratzen zaigun sentimendua emozio zehatzarena delako. Hainbeste borrokatu ondoren, gainditu zaituzten alaitasunak, guztiz bete zaituzten uneak eta, zergatik ez, tristura bat edo beste ere zure parte dira. Sentimendu horiek adierazterakoan, jakina, errazagoak egiten zaizkit une ezin alaiagoak gogora ekartzea tristeagoak direnak baino; azken horiek aipatzea bera ere zaila izaten da. Mugan bizitzeak hori dakar: partekatutako lagunak eta, aldi berean, galdu nituen beste batzuk. Baina horrelako hausnarketak egiterakoan konturatzen zara espedizio handienek ere denborarekin irabazi egiten dutela, tarte horrek neurri egokiena ematen dielako. Hori bai, mendiko hitzaldi tekniko bat entzu- tera doanak dezepzionatuta irtengo du; beste zeozer gustatuko litzaidake eskaintzea.

– Hausnarketarako tartea hartzeaz gainera, ez zaitugu irudikatzen proiektu berrietan murgildu gabe...

Eta ondo asmatzen duzue, bai. Aktibo jarraitzen dudalako, oso. Baina ez dut nahi izaten espedizioetan bakarrik zentratzea eta, aldiz, hainbat proiektuen artean mugitzen naiz. Hobeto esateko: proiektu haundi bakar batean, hainbat ikuspuntutik eta beste hainbat arlo batzen dituen proiektu erraldoian. Horrekin batera, urtero hiru-lau espedizio egitea ez dut barkatzen. Zertan dihardudan zehatz-mehatz ez dizuet esango: nahiago dut egin eta gero kontatu kontrakoa egitea baino.

– Zuri pixka bat jarraituta, askotan azpimarratu duzu alpinismoa buru kontua dela gehiago giharrarena baino...

Ez da alpinismo kontua bakarrik; fubolerako gauza bera esango nizueke. Eta bizitzarako! Horrekin konturatu ez dena larri dabil! Prozesu neurozientifiko bati jarraitu behar izaten diogu gure errealitatean eta gure gorputzak ez du garunak agintzen dionari jarraitu besterik. Eta, edozer gauzetan murgiltzen garela ere, hobe dugu inteligentzia erabiltzea. Bonatti, Malori... horrelako mendizaleak erraldoiak badira burua erabili dutelako dira, bakoitzaren abilidadeak direnak izanda ere.

– Zure abenturetan larregi arriskatu duzun sentsaziorik izan duzu inoiz?

Orokorrean hartuta, behar zen arriskua hartu dudalakoan nago, hau da, neurrian jokatu dudala. Askotan, beti ez esatearren, pasatzen zaizu burutik ez bueltatzeko aukera hor dagoela. Komenigarria uste dut, gainera, horrela izatea. Baina ez dago abenturarik arriskurik gabe. Hala ere, ez dago abentura handiagorik bizitza bera baino, eta hor ere ausartu egin behar da bat, eta arriskatu ere bai askotan. Gurea joko bat baino ez da, guk aukeratu duguna, eta hor sartzen da abentura bakoitzetik etxera itzultzeko asmoa. Gailurra lortzea bezain garrantzitsua da, edo gehiago, etxera bueltatzea. Ez itzultzea izango zen porrota.

– Badakigu 8.000korik ez duzula zapaldu, eta horrelakoen bila ere ez zarela ibili. Zein izan da lortu duzun altuera nagusiena?

7.300 metrotan izan naiz, Everesteko hegomendebaldeko horman, eta baita K2koan. Baina gustokoen artean dut, esaterako, 1981ean Hidden Peak-era (Gasherbrum I) kamararekin joan nintzenekoa, orduko baliabideekin zailtasun handikoa egiten zitzaigun-eta.

– Zelan ikusten duzu gaur egungo alpinismoa? Mendia merkaturatu egin dugu?

Orain ere denetarik dago. Hiru urte izango dira tarteko adineko Kanadako bi lagunekin topo egin nuela K6an, 7.000 metroko eremu birjinean 2.600 metroko ibilbide berria zabaltzen zihardutela. Hara eramandako guztia ekarri zuten eurekin, izotz-iltzerik han laga gabe. Everest, aldiz, handiusteen zirkoa bihurtu dute egun. Nire aldetik, Juanjo San Sebastian eta Ramon Portilla lagun ditudala, zailtasun alpinismoa egiten saiatzen naiz. Zer bilatzen dudan? Bakardadea, isiltasuna, adiskidetasuna eta elkartasuna.