Senegal eta Euskal Herria batzeko jaialdia

Senegal eta Euskal Herria batzeko jaialdia
2016/12/17 23:11
eta kitto!
Domeka, abenduak 18, Etorkinen Nazioarteko Eguna izango da eta, horren aitzakiarekin, Europako errefuxiatuen egoera salatzeaz gain, senegaldarren jaialdia ospatuko dugu Eibarren. Izan ere, gure herrian bizi diren senegaldarrek Diapo Lete izeneko kultur elkartea sortu dute aurten eta domekan euren lehen ekintza hartuko du Untzaga plazak. Mballo Ndiyae eta Rokhaya Diawren gidaritzapean laurogei lagun aritu dira buru-belarri lanean elkartea sortzeko behar diren baldintzak betetzen eta denon artean adostutako helburuak zehazten. Diapo Leteren asmo nagusia Senegalgo kultura ezagutzera ematea bada ere, bizikidetza hobetzea ere nahi dute, hau da, tokiko kultura eta kanpoko kulturen arteko harreman positiboak sortzea. Norantza biko integrazioa bultzatzen ahalegintzen dira: Senegaletik datozenei harrera informala egiten diete eta euren ohiturei eusten ahalegintzen dira, baina horrekin batera euskal kulturara ohitzeko ahaleginak ere egiten dituzte, besteak beste ikasturte honetan abiatu den Ongietorri Berbetan-era egitasmoarekin bat eginda. Hango eta hemengo musikak, janariak eta pertsonak nahastuko dira domekako jaialdian eta herritar guztiak parte hartzera animatu nahi dituzte antolatzaileek.Egitaraua goizetik hasiko da: 10:00etan ongietorria egin eta jarraian, 10:30ean, Senegalgo pintxo tipikoen dastaketa hasiko da; 11:00etatik 13:00era musika eta dantza izango dira protagonista, Tu Ku Tun txalapartarien eta Senegalgo dantzak eskainiko dituen Sabar taldearen eskutik; ondoren, 14:00etan, herri bazkaria egingo da, Senegalgo jaki tipikoekin (arroza, arraina eta lekaleekin); eta arratsaldean, 16:00etan, jolasak hasiko dira eta, jaialdia agurtzeko, 17:00etatik 20:00etara Senegalgo musika zuzenean entzuteko aukera izango da.