Udalak elur protokoloa aktibatu du eta aparkaleku alternatiboak ipiniko ditu

Udalak elur protokoloa aktibatu du eta aparkaleku alternatiboak ipiniko ditu
2018/03/19 16:46
eta kitto!
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak elurteengatik alerta ezarri du gaur eguerdian. Hori dela eta, Eibarko Udalak alarma-protokoloa ipini du martxan eta honako erabaki hauek hartu ditu: elurra kentzeko makinak herrian bertan eta landa auzoetan aktibatzea. Hala, elurra kendu eta gatza botako dute herriko eta landa auzoetako errepide eta bideetan; Udal lantaldeak elurra kenduko du oinezkoentzako guneetatik herrian; Gatza banatuko da udal eraikin publikoetan bertako mantentze-lanen ardura daukaten langileek eraikinen sarreretan gatza bota dezaten; Udaltzaingoa koordinatzaile izendatzea elurteengatik egon daitezkeen abisu deiak direla eta. Agindua gaur arratsaldean, 18:00etan sartuko da indarrean eta bihar goizean, 08:00etan amaituko da.

Aparkaleku alternatiboak

Datozen orduetarako iragarri duten elurtea dela-eta, Udalak Eibarko goiko auzoetan bizi diren bizilagunei jakinarazi nahi die Txaltxa Zelaian (epaitegiko parkean) eta Amañako Berdintasunaren Pasealekuan aparkaleku alternatiboak jarriko dituela. Neurri horren bitartez, elurteak sor ditzakeen arriskuak eta eragozpenak gutxitu nahi dira. Horrekin batera, Udalak herriko merkatari guztiei laguntza eskatu nahi die, dendetako sarrerak garbitzeko.