Udalak udazkenerako prestatu duen kultur eskaintza zabala aurkeztu dute

Udalak udazkenerako prestatu duen kultur eskaintza zabala aurkeztu dute
2017/09/27 eta kitto!
Udazken honetarako udalak prestatu duen kultur eskaintza aurkeztu dute gaur goizean. Betiko martxan, gurean eskainiko diren ikuskizunetan “musika, antzerkia, dantza eta bestelako emanaldiak tartekatuko dira, ume zein helduentzat pentsatuta dauden lanetan”. Eskaintzaren barruan, berritasunik nabarmenena Portalea kultur etxeko areto nagusiaren erabilerari lotutakoa izango da: “Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak-ekin elkarlanean, hainbat kontzertu emateko erabiliko dugu. Urriak 22an “The Godfathers” taldeak joko du, azaroan “Sugar Daddy and the cereal killers” taldeak eta abenduan “Julian Maeso Band”-ek, besteak beste”. Portaleko areto nagusian 100 bat lagunentzat tokia dago eta sarreren salmentarako bideak Coliseo antzokiarekin erabiltzen diren berberak izango dira, hau da, internet bidez www.kutxabank.es helbidean, Coliseoko leihatilan (astelehen eta barixakuetan) eta emanaldiaren aurretik Portalean, zabalduko duten txarteldegian. Coliseoan eskainiko dituztenen artean, bestalde, urrian “Eroski paraiso” antzezlana, “Lorez lore” dantza ikuskizuna, Asier Serranoren “Linbotarrak” eta Mikel Erentxuren kontzertua daude, besteak beste.

godfathers

The Godfathers taldearen kontzerturako sarrerak

Portaleko aretoan urriak 22an kontzertua emango duen The Godfathers taldea ikustera joateko sarreren aurresalmenta barixaku honetan, 17:30ean zabalduko dute. Sarrerak 10 euro balio du (7 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin) eta internet bidez, www.kutxabank.es helbidean eros daiteke edo, bestela, Coliseo antzokiko leihatilan, astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era.