Zapatuko bertso afariarekin hasiko dira Santa Kurutz jaiak

Zapatuko bertso afariarekin hasiko dira Santa Kurutz jaiak
2016/04/25 23:59
eta kitto!
Maiatzak 3a Santa Kurutz eguna dela eta, horren inguruko jaiak ospatzeko egitaraua prestatu dute auzokoek eta udalak. Programari asteburu honetan ekingo diote: zapatuan, apirilak 30ean bertso afaria egingo da Ixua jatetxean, 21:00etatik aurrera, Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariekin. Txartelak Ixuan eros daitezke, 28 eurotan.
Santa Kurutz egunean, berriz, 17:30etako kanpai-errepika eta gero, meza egingo da ermitan, Gorosta eta Mandiola auzoetan hildakoen alde.
Maiatzaren 7an jarraituko dute jaiek: 10:30ean kanpai-errepika egingo da; 11:00etan meza, Santa Kurutzeko ermitan, Gorosta eta Mandiola auzoetan hildakoen alde; ondoren, hamaiketakoa; 12:00etan Eibarko trikitilari gazteek saioa hasiko dute; 12:30ean haurrentzako jolasak hasiko dira; 13:00ean, herri jolasak, auzoko gazteen eskutik; eta 14:30ean bazkaria Ixua jatetxean. Ondoren, erromeria (bazkariko txartelak Ixua jatetxean egongo dira salgai).
Eta maiatzaren 8an goizetik hasiko dira ekitaldiak: 10:00etan Santa Kurutzera igoera egingo da, Urkizuko iturritik abiatuta; 10:30ean kanpai-errepika egingo da; 11:00etan meza nagusia ospatuko da Santa Kurutzeko ermitan eta, ondoren, piskolabisa, Mugi Panderoa erromeria taldeak girotua. Auzoko Feria ere egingo dute, animalien erakusketarekin; 12:00etan hasiko da soka dantza, Kezka dantza taldearen eta Usartza txistulari bandaren eskutik; 12:30ean haurrentzako jolasak hasiko dira eta 13:00ean txapel jaurtiketa, nahi duten guztientzat; 14:30ean kanpai hotsez amaituko dira aurtengo jaiak.

imageimageimage