Zapatuko Eibarko Hiria 32. Xake Txapelketa "Xake Mate Fibrosi Kistikoaren" alde
2016/06/29
07:06
eta kitto!
Uztailaren 2an, 16:00etatik aurrera, Untzaga plazan jokatuko den Jose Mari Kruzetaren omenezko xake txapelketak, berritasun gisa, Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoarekin elkarlanean, arraro gisa kontsideratuta dagoen gaixotasun degeneratibo horren aldeko sentsibilizazio kanpainarekin egingo du bat. Ohikoa denez, txapelketa partida azkarretara jokatuko da: 5 minutuko partida modalitate hori da xakeak duen bizi eta ikusgarriena, minutu gutxiren buruan amaitu behar direlako partidok. Eibarko Klub Deportiboak antolatzen duen txapelketan Euskal Herri guztiko 16 talde izango dira lehian, tartean azken edizioetako txapeldunak (Leioako Altzaga, Gros Xake Taldea edo Errenteriako Fomento Cultural) eta baita Azkoitia, Hondarribia, Zornotza eta Portugaletetik etorriko diren talde indartsuak. Partidak Untzaga plazan jokatuko dira eta, eguraldiak lagunduko ez balu, udaletxearen arkupetara aldatuko da eszenategia.