Euskararen Eguna ospatuko dugu asteburuan

Euskararen Eguna ospatuko dugu asteburuan
2016/11/29 eta kitto!
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dela-eta, Eibarko euskalgintzan dihardugunok, Udalaren babesarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditugu, hasi bezperan, barixakua, zapatu arratsaldera arte.

Abenduaren 2an, Eibarko ikasleek Mintzodromoan hartuko dute parte goizeko 10:00etatik 15:00ak arte, Untzagan, eta arratsaldeko 17:30etik 19:30era Euskararen Lorategia izeneko horma-irudia lorez osatzeko ekitaldia egingo da. "Euskeria erein, zaindu, emon" goiburua duen horma-irudia betetzeko bi milla loretik gora beharko dira, eta hala nahi duten herritarrek eskura izango dituzte horma-irudian jartzeko. Loreak bertan egiteko aukera ere izango da. Behin horma-irudia osatuta, eta "Loretxoak" abestiarekin dantza egin eta gero, Txaltxa Zelaiko goiko aldean jarriko da, hainbat egunetan ikusgai egon dadin.

Eta abenduaren 3an, zapatua, "Andonik mugitzen nau" erromeriarekin dantza egiteko aukera izango da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Untzagan dagoen karpan.