“Armak” (Imanol Magro)

0    Iritzia 
Ana
“Armak”  (Imanol  Magro)
04 Abe
4:51

Esan du alkateak, udaltzainek ez dute suzko armarik eramango. CCOO sindikatuak ere garbi utzi du Eibarko udaltzainen gehiengoak ez zuela halakorik nahi, inguruko beste hiri eta herri batzuetakoek daramatzaten arren. Gaiak, halere, eman du zeresana, agian interesatuki hauspotua. Ni armen aurkakoa naiz, zentzu guztietan, ez zaizkit gustatzen. Eibarren betidanik ikusi ditugu inguruan, eta horregatik iritzi diot euren tokia museoa dela.
Munduan barrena ibilia naiz eta ikusi ditut oso armaturiko poliziak kalean: Brasilen, AEBetan… Eta Eibarren ere bai: Guardia Zibila, Ertzaintza… Eta ez naiz seguruago sentitu, eta poliziarengana jo dudanean armek ez zuten nire arazoa konponduko. Era berean, garbi dut arma soinean eraman nahi duenak beti aurkituko duela hori justifikatuko duen mehatxu bat. Estatistikak dio gure delinkuentzia maila baxua dela, eta ez dut uste epe motzean aldatuko denik. Halere, badirudi, gaugiro borroka kopurua handitu egin dela, edo betiko kopuru bera da baina telefono mugikor eta sare sozialen bitartez oihartzun handiagoa dute. Dena den, ez dut uste armekin konpondu edo eragotzi daitezkeenik.
Ez dut zintzotasun inozoan erori nahi. Mundua ez da perfektua, eta Eibar, ere ez. Udaltzainen eskaerak entzun egin behar dira, eurak baitabiltza kalean egunero. Segurtasunaren inguruko euren ezinegon, iritzi eta azalpenak oso kontuan hartu behar dira, suzko armez haratagoko konponbide mota asko daudelako. Gainera, gurean, lapurreta gehienak ez dira kalean egiten, ez dezagun ahaztu diruaren %24a ez dela deklaratzen.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »