“Bizikletaren Nazioarteko Eguna” (Iñaki Ugarteburu)

0    Iritzia 
CDwes76
“Bizikletaren  Nazioarteko  Eguna”  (Iñaki  Ugarteburu)
06 Mai
10:23

Urtero legez apirilaren 19an “Bizikletaren Mundu Eguna” izan zen; bizikletaren erabilera sustatzeko, txirrindularien segurtasuna erreibindikatzeko, mugikortasun jasangarria proposatzeko, herritarrentzako herriak eta hiriak eskatzeko, bizitza osasungarriagoa izateko… Badakit Euskal Herrian bizi garela, eta “amaitzear” dagoen negua nolakoa izan den ere ezin ahaztu, baina bizikletak gehiago erabiltzeko gonbidapenarekin natorkizue. Asko dira asmatu ditzakegun aitzakiak nire eskaerari ezetza emateko: auto larregi daude, ez dakit nondik joan behar naizen, aldapa asko daude, eguraldia… Kasu askotan arrazoi guztiarekin baina, gaur egun, gurea baino hotzagoak, aldapatsuagoak eta auto gehiago dituzten hainbat tokitan, bizikletaren erabilera gurean baino askoz ere altuagoa da. Urte batzuk baditut eta oraindik ere gogoratzen dut 70eko hamarkadan lagun kuadrila osoak, udan, Debako txaletei buelta ematen genienean bizikletako manilarrean eskuak jarri barik; edo Eibarko kaleetan bizikletaz ibiltzen ginenean. Kaleetan jolasten genuen, oinezkoen, pertsonen, haurren, gazteen eta helduen kaleak ziren. Gaur gure inguruetako herri gehienetan hori galduta dago. Autoentzako kaleak dira eta gure bizi-kalitatearen maila jaitsi da. Ez nabil ezer asmatzen, Europako hainbat tokitan apustu garbia eta handia egin dute hiriko mugikortasuna aldatzeko, pertsonentzako hirietara bueltatzeko. Bizikleta gehiago erabiltzea ona da gure osasunarentzat, gure ingurumenarentzat, gure bizikidetzarentzat… eta herritarrak garen aldetik, bizikleta gehiago erabilita, hiri eta herri seguruagoak, atseginagoak, politagoak erreibindikatu ditzakegula uste dut. Norberak egin behar du lehenengo aldaketa, ondoren besteei eskatu edota erreklamatzeko. Animo, gure esku dago!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »