Iñaki Ugarteburu
Iñaki Ugarteburu

"Gorputza aktibatzeko arrazoiak"

2017/09/16
1. Gure osasun fisikoa hobetzeko. Munduko Osasun Erakundeak agintzen digunez, gure osasuna hobetu egingo da egunero aktibo mantentzen bagara: hemezortzi urte bete bitartean, egunero gutxienez 60 minututan -gehiago bada hobe-; eta hemezortzi urtetik gorakoentzat, astean gutxienez 150 minututan -300era ailegatzen bagara, hobe-. Era asko dago: oinez, korrika, bizikletaz, igerian, dantzan; eta gutxienez astean behin, intentsitate altuagoko gihar eta hezurrak indartzeko ariketak.

2. Gure osasun mentala hobetzeko. Jarduera fisikoa edo kirola praktikatzerakoan, endorfinak sortzen ditugu, eta erlaxatzen eta zoriontasun-sentsazioa izaten laguntzen digute. Praktikaren ondoren hobeto sentitzen gara.

3. Jarduera fisikoa edo kirola gehienetan taldean egiten dugunez, giza harremanak hobetzeko eta sendotzeko baliagarria ere izan daiteke; bakardadea saihesteko, lagunak egiteko, ligatzeko…

4. Jarduera fisikoak edo kirol praktikak gozatzeko aukera ematen digu. Kirolak bere baitan gozamena, plazerra izan dezake.

5. Aisialdi-aukera doanekoa edo oso merkea da. Ezer ordaindu gabe edo gutxi ordainduta, gure denbora librea erabiltzeko aukera paregabea da. Egungo gizartean, gure bizimodu konplexu honetan, ez dut uste aukera askorik dagoenik onura gehiago lortzeko hain modu errazean. Hau dela-eta, aktibatu zaitezte!