“Laztanak eta autoestimua” (Arrate Garitaonandia)

0    Iritzia 
Ana
“Laztanak  eta  autoestimua”  (Arrate  Garitaonandia)
03 Aza
10:01

Ugaztunak animalia taldekoiak gara. Pertsonok gure kidekoen babesa behar dugu. Edateko edo jateko beharra daukagun moduan, bizirauteko funtsezkoa den laztan gosea daukagu. Ukitua eta aintzat hartzearen beharrez ari gara. Eric Berneren hitzetan, laztana, aintzat hartzearen edozein unitate da, beste baten egotea antzematen duen akzio guztia.
Gure laztan dieta intrintsekoki lotuta dago autoestimu eta ongizatearekin. Laztan positiboa, amodioaren oinarrizko transakzioa da. Dieta guztietan bezala, elikagai bakoitzak berezko ezaugarriak ditu, eta laztanen kasuan, hurrengo ezaugarri motak desberdintzen ditugu:
–    Igortze bidearen arabera: laztan fisikoak, berbalak, idatziak eta keinu bidezkoak.
–    Agertzen diren emozioen arabera: sentsazio atseginak eragiten dituzten positiboak, eta sentsazio desatseginak eragiten dituzten negatiboak.
    Emateko edo jasotzeko balditzen arabera: bizi eta izateagatik direnean, baldintza gabekoak, eta nolakotasunagatik eta jokaeragatik saritu nahian direnean, baldintzatuak.
–    Zintzotasunaren arabera: benetakoak; faltsuak, lausengatzeko, erasokorrak, ezkutuak; eta desegokiak edo kaltegarriak, ondoeza eragiten dutenak.
Laztan bat adibide gisa hartuz gero, bost ezaugarri mota hauen arabera aztertu ditzakegu, elikagai baten ezaugarri ezberdinetaz ari bagina moduan. Gauzak horrela, laztan bat keinuzkoa (barrea), sentsazio atseginak eragiteagatik positiboa, bizi eta izateagatik baldintza gabekoa, benetako sentimenduagatik datorrelako benetakoa eta ongizatea eragiten duelako osasuntsua izan daiteke. Adibide moduan ama batek umeari egiten dion barrea daukagu.
Laztan dietak, elikadura bezala funtzionatzen du. Laztan positibo nahikorik ez daudenean, negatiboak beharrezkoak hartzen dira. Hau da, gaizki elikatzea, ez elikatzea baino hobeagoa da. Printzipio honek, kritikan, indarkerian, umeen atentzio deietan oinarritzen diren erlazio dinamikak azaltzen ditu. Barre bat, laztan negatibo bat izan daiteke lotsa eragiteagatik, baldintzatua izan daiteke jokaera batengatik izateagatik, eta kaltegarria izan daiteke ondoeza eragiteagatik.
Gure gizartean Claude Steineren arabera, laztan positiboen dieta eskasa da. “Gose” hau laztanen ekonomiaren ondorioa da. Bost printzipioak ditugu:
1.    Laztan bat izanez gero, ez eman.
2.    Ez onartu ematen dizkizuten laztanak.
3.    Ez eskatu behar dituzun laztanak.
4.    Ez ezeztatu nahi ez dituzun laztanak.
5.    Ez eman zure buruari laztanak.
Laztan negatiboen handiagotzeak joko psikologikoak eta egiazko intimitatea saihesteko modua eragiten ditu. Pertsona batek modu positiboan printzipio horiek lantzen dituen heinean (laztanak eman, jaso, eskatu, ezeztatu, eta bere buruari eman), hazkuntza pertsonala, garapen pertsonala eta autoestimua handiagotzean aritzen da.

laztanak

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »