Berrikuntzez beteta dator urriko Txikitto! aldizkaria

Berrikuntzez beteta dator urriko Txikitto! aldizkaria
2017/10/26 eta kitto!
Atzo banatu zen Txikitto aldizkariaren 170. alea Eibarko ikastetxe guztietan, 6 eta 12 urte bitarteko haurren artean. Gauza berriekin gatoz, gainera!  "Ikasleekin berriketan" atala estreinatu dugu. Oraingo alean Iturburukoekin egon gara: oporretatik iritsi eta berehala arraultzak eta inkubagailua eraman zuten gelara 6. mailakoek. Mimo eta maitasun handiz zaindu zituzten aste batzuetan zehar eta bat-batean... txitak jaio ziren! Euren esperientzia nolakoa izan den kontatu digute. Hilero herriko eskola bateko ikasleekin egingo dugu berba  egiten dituzten gauzak ezagutzeko.

Beste atal berria "Jolastokixan jolasian" izenekoa da.  Hilabetero ikastetxe batera joango gara eta bertako ikasleek joko bat erakutsiko digute. Kaleratu berri dugun aldizkarian "Diana dibertigarria" aurkeztu digute San Andres ikastetxean. Gainera BIDEOA ere grabatu dugu, jokoa nola egiten den hobeto ulertzeko:

https://www.youtube.com/watch?time_continue=7&v=22tdKOpZ25s

Bestalde, Arimen gauari buruzko erreportajea prestatu dugu. Eibarren, aurten ere, azken urteetan bezala baserritik baserrira irtengo dira haur eta gaztetxoak esaldi magikoa esan eta poltsak goxokiz betetzera. Bestalde, laster Eibarren izango diren Pirritx, Porrotx eta Marimots-ekin egindako elkarrizketa irakurri ahal izango duzue.

Gainera, betiko moduan, denborapasek, txisteek, ikastetxeetako berriek, sukaldaritzak, eskulanek, liburuek, ipuinek eta agendak osatzen dute aldizkaria.

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai.