Abenduaren 5ean inauguratuko dute Basagunea Errebal Plazan

Elkartearen denda berriaren inaugurazioa abenduaren 5ean (eguena) izango da, 19:00etatik 21:00etara, eta eibartar guztiak bertara gonbidatu nahi dituzte.
Abenduaren 5ean inauguratuko dute Basagunea Errebal Plazan
2024/12/02 12:56
eta kitto!

Hamairu urteko ibilbidearen ondoren, datorren astean bide berria hasiko du Azataporrua Kontsumo Elkarteak Errebal Plazan, izen berriarekin, gainera. Aurrerantzean Basagunea deituko den taldeak Errebalgo Merkatu Plazara baserritarren aldamenera eramango du bere jarduna. Elkartearen denda berriaren inaugurazioa abenduaren 5ean (eguena) izango da, 19:00etatik 21:00etara, eta eibartar guztiak bertara gonbidatu nahi dituzte.

Kontsumo ekologiko eta hurbila ardatz dituen egitasmoa da Basagunea. Elkarte hau osatzen dutenek, elikadura osasuntsua, garaiko bertako produktuak, hurbileko ekoizleak eta ingurumena zaintzen dituen kontsumo eredua sustatu nahi dituzte eta Debabarreneko herritarrei zabaldu.

Denda bat baino gehiago den irabazi asmorik gabeko elkargune bat da BASAGUNEA, herritar guztiei irekia.

- Produktuak: bertan aurkitu ahal izango diren produktuak eguneroko otarra betetzekoak dira: fruta eta barazki freskoak, lekaleak, laboreak, esnekiak, ogia, arrautzak, kontserbak, edariak, zizka mizkak, okela, etab.

-Kalitatea: produktu guztiak ekologikoak eta hurbilekoak dira eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman orekatua dute helburu. Irabazi asmorik gabeko egitasmoa izanik, prezioak justuak dira ekoizleentzat (lan- eta bizi-baldintza duinak ahalbidetzen dizkie), eta arrazoizkoak kontsumitzaileentzat.

- Elkargunea: salmentaz gain, elkargune bat ere izan nahi du, hitzaldiak, sukaldaritza tailerrak, ekoizleen aukezpenak, dastaketak etab. eskeiniko baidituzte.

BASAGUNEAko zenbait kiderekin egindako elkarrizketa HEMEN ikusi dezakezue.