Ainhoa Plagara Bermudez, Alarma Morea: “Musika zerbait pertsonala eta kolektiboa da aldi berean”

Ainhoa Plagara Bermudez, Alarma Morea: “Musika zerbait pertsonala eta kolektiboa da aldi berean”
2022/09/07 14:06
eta kitto!
Alarma Morea taldeak Arrate Egunaren bezperan runba doinu alaiez piztuko du Arrateko zelaia. Nerea Dual Jimenezek eta Uxue eta Ainhoa Plagaro Bermudez ahizpek osatutako hirukoteak kontzertu bikaina eskaini zuen Sanjuanetako txosnagunean eta berriz izango dugu euren musikaz gozatzeko aukera.

Ondo pasatzeko eta musikaz gozatzeko aukera emateaz gain, feminismoa aldarrikatzen du bere letretan Alarma Moreak, besteak beste. Izan ere, ondo pasatzea eta musikaren bitartez hausnartzea eskutik joan daitezke.

 

Sanjuanetan hemen egon zineten eta, orain, Arrateko jaietan. Gustora jotzen duzue Eibarren? Nolako plaza da?

Sanjuanetakoa Eibar zapaltzen genuen lehen aldia zen guretzat (oholtzan behintzat) eta oso eroso sentitu ginen. Giro herrikoi eta gertukoa nabaritzen zen. Bueltatzea seinale ona izaten da normalean, beraz, oso eskertuta gaude bigarren ekitaldi honekin. Gainera, pozez zoratzen gaitu KeTeKalles bezalako taldeekin oholtza partekatu ahal izatea, guretzako horrelako taldeak erreferenteak izaten direlako eta emakumezkoen iraultzari keinu egiten diotelako… edo keinu baino gehiago agian!

Zuen musikak guztiz bat egiten du jai-giroarekin. Nola bizi duzue musika? Zer saiatzen zarete transmititzen zuen erritmoekin?

Musika zerbait pertsonala eta kolektiboa da aldi berean. Garrantzitsua da oholtzan gauden horiek "neurri berdinean bibratzea", gure artean konektatzea eta ulertzea. Argi izan behar du taldeak zer transmititu nahi duen eta, hortik abiatuta, nola egin nahi duen. Guk runba aukeratzen dugu, honek mugitzen gaituelako. Honek baditu nahiko erritmo eta melodia dantzakorrak eta dibertigarriak, eta, orokorrean guztiok ezagutzen dugun arren, Euskal Herrian ez dugu parrandetako jai-giroan oso presente.

Eta letren bitartez?

Letrek taldearen begiradaz hitz egiten dute, nahiko era positibo eta "sinplean", nire ustez. Gure helburua jendeak mezua ulertzea, mezuarekin geratzea eta gure sentimenduak plazaratzea da. Gaur egun gure hiru kanta daude entzungai plataformetan. Lehenengoak izenburuarekin dena esaten du: "Ez beti da Ez"; bigarrenak, gizartea eta norberaren juizioaz hitz egiten du: "Azala"; eta hirugarrenak, "Udaberrian" abestiak, lokaztutako bidean agertzen diren lore txikien garrantziaz hitz egiten du. Guztiok bizitzen ditugu egoera "lokaztuak" eta horietatik igarotzen gabiltzanean iragana oroituz bizi gara, seinaleak eta irtenbideak bilatu nahian. Gehienetan irtenbideak gurekin ditugu, eta falta dena arnastea eta ingurura begiratzea izaten da. Hauek entzutea animatzen zaituztet!

Euskal-runba egiten duzue, besteak beste. Nolako ezaugarriak ditu?

Ez dago runba bakarrik. Runba, berez, Kuban sortu zela esaten da baina gure runba estiloa geroago runba flamenkoa bezala ezagutzen dena da. Hau Kubako runba eta flamenkoa fusionatzen direnean ematen da, eta berriz andaluziar eta kataluniar ijitoek sortutakoa da. Orduan, euskal runba flamenkoa zer da? Aurretik aipatutako bien fusioa, euskarak duen erresistentzia eta nortasun kulturalarekin.

"Alarma Morea entzuten da kaleetan barna…", diozue abesti batean. Nola daramazue orain arte egindako bidea?

Egiten ari garen bidea gozatzen ari gara eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Inoiz baino kontzertu gehiago eman ditugu aurten (22 urtea hasi zenetik). Guretzat plazerra da Euskal Herriko txoko ugari bisitatzea eta bertako jendea gertutik ezagutzea. Izan ere, herri bakoitza mundu bat da eta bertako jendea  ze esanik ez (barreak). Irailean beste zazpi data ditugu zehaztuta eta datozen hilbeteetarako ere baditugu proposamenak.

Beno, eta Arrateko Jaietarako prestatzeko, nolako ikuskizuna espero dezakegu?

Uda ixten joateko kontzertu aparta, seguru! Kanta propioak izango dira, noski, bertsioak ere, abesti dantzagarriak, kantagarriak... Gainera, aurretik aipatu dugun bezala, talde zoragarriez inguratuta gaude; beraz, zalantzarik ez giro zoragarria egongo dela.