Alberto Albistegiren ustez “erabaki deserosoak” hartu behar dira, Kalamuako parke eolikoaz berbetan
2023/02/15
10:41
eta kitto!
Alberto Albistegi Eibarko Udaleko Ingurumen saileko zinegotzia Radio Eibar – Cadena Ser irrati-katean egon zen atzo eta, bere berbetan, “energia behar badugu, sortu egin beharko dugu”. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) zirriborroak proposatzen duen Kalamuan parke eolikoari buruz berbetan, “erabaki deserosoak” hartu beharko direla adierazi zuen. “Ezin da gure energiaren %90aren dependentzia kanpotik datorren energiarena izatea eta gu ezer emateko prest ez egotea”, bere berbetan. Dena dela, LPS-a ondo zehaztuta egon zain daudela adierazi zuen, aerosorgailuen kokapen zehatza zein izango litzatekeen jakiteko.
Zortzi urteko ekintza-plana
Kalamuako parke eolikoaz gain, orain dela bi aste onartu zen Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza-Planaz (2022-2030) mintzatu zen Albistegi. “Asmo handiko plana da, legea oso zorrotza delako”, zinegotziaren berbetan. Planak energia aurreztearen, hirigintzaren, mugikortasun jasangarriaren, osasunaren eta hiri-hondakinaren inguruko neurriak jasotzen ditu.
Bederatzi lerro estrategikotan banatzen diren 111 neurri hartu ditu Udalak ekintza-plan honetan. Horren bitartez, Eibarko berotegi-efektuko gasen isuriak %55 murriztea lortu nahi da, besteak beste.