Ama Dablameko gailurra iritsi du Fernando Errekalde mendizaleak
Ama Dablam munduko mendi ederrenetarikoa dela esan ohi dute. Ez dago altuenen artean, 6.812 metro ditu, baina Himalaietako ikur bat da eta erronka handia izaten da tontorrera iristea. Bertan izan dira Fernando Errekalde eta Unai Eraso eibartarrak, eta zapatuan, azaroak 8, gailurra iritsi zuen Errekaldek.
Ama Dablamera jo aurretik, Island Peak (Imja Tse, 6.189) mendira igo ziren aklimatazioa egiteko. Mendi ikusgarria hori ere, batez ere tontorretik ikusten dena kontuan hartuta: Lhotse (munduko laugarren mendirik altuena), Makalu (bosgarren altuena) eta Ama Dablam.
Egokitzapenaren ondoren, Ama Dablameko tontorrera begira jarri zen espedizioa. Azaroaren 8an zuten gailurrera iristeko asmoa, baina azken egunetan ia lorik egin gabe egon ostean, “jota”, Unai Erasok kanpamendu nagusira itzultzea erabaki zuen. Ostera, Fernando Errekaldek, Andreu Torregrosa eta Pemba Tenzing Sherparekin, tontorrera iristeko saiakera egin zuen eta baita lortu ere.









