Arimen Gauaren ospakizunaren inguruko hitzaldia emango dute bihar Josu Ozaita eta Jaime Altuna antropologoek
2018/10/22
10:48
eta kitto!
AKEBAIk, Hamaika Berbaldi egitasmoaren barruan antolatutako saioan, bihar (martitzena) “Zer gertatzen da urriaren 31n, iluntzen duenean?” izenburuko hitzaldia emango dute Josu Ozaitak eta Jaime Altunak, 19:00etan Portaleko areto nagusian. Arimen Gauaren ospakizunaren inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera jasotzen duen ikerketa lanari esker 2015eko Juan San Martin beka eskuratu zuten bi antropologoek gaiaren inguruko zalantzak argituko dituzte hitzaldian, besteak beste. Gaiak gurasoentzat duen interesagatik, hitzaldiak irauten duen bitartean zaintza tailerra egongo da 4-8 urte bitarteko umeentzat.
“Itzalitako kalabazen berpiztea” argitaratu dute
Hitzaldia emango duten ikerlariek Eibarko Udalaren eta UEUren eskutik jasotako bekaren emaitza, “Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa” izenburuko liburua, argitaratu berri dute eta eskuragarri dago interneten, UEUren dendan, paperezko edizioan zein digitalean. Liburuak dituen 13 kapituluetan egileek sakon jorratu dute gaia eta ikerketak oso metodología zehatza erabili du, hiru urrats hauetatik abiatuta: aurrenik, Euskal Herrian XX. mendearen hasieran eta erdialdian kalabazak oinarri hartuta burutzen ziren ospakizunak ezagutzea; hurrenik, urriaren 31n ospatzen diren jaietan barneratzea eta haien ezaugarriak deskribatzea; eta, azkenik, jai hauen inguruko haur eta nerabeen diskurtsoak, gogoetak eta bizipenak jasotzea. Azken horretan interesgarria da ikerlariek egin duten bilketa-lana, “haurtzaroa oroimenean” eta “haurtzaroa orainean” ataletan batzen diren testigantzak: izan ere, 7 urtetik 90 urtera bitarteko lekukotasun ugari jasotzen ditu lanak.