Asteburu bete-betea izan dute Urbat IKE-koek
Ez da nolanahiko asteburua izan Urbat IKE-rentzat. San Andres eguna ospatu genuen atzo eta, azken urteotako ohiturari jarraituz, taloak egiten ibili ziren waterpolo taldekoak eta euren senideak. Zapatu arratsaldean, azaroak 29, zabaldu zituen ateak euren txosnak eta atzo eguerdira arte martxa betean aritu ziren. “Harrera bikaina izan zuen, jende asko hurbildu zelako zerbait hartzera eta taloa jatera”, esan digutenez.
San Andres jaietako txosna aprobetxatuta, rifak saldu ditu Urbatek otar bat zozketatzeko eta jakitera eman du zenbaki irabazlea:
- 1. saria: 762
- 2. saria: 2135
- 3. saria: 831
Emakumezkoen taldea bikain
Kirol arloari dagokionez, Urbat-eko emakumezkoen senior taldeak garaipenaren bidetik jarraitzen du. Oraingoan, CW Lautada izan zuten arerio eta 13-7 gailendu zitzaien.
Gizonezkoen senior talde nagusiak, bestalde, garaipenik lortu ezinda jarraitzen du. Tenerife Echeyde B hartu zuen Donostiko Paco Yoldi kiroldegian eta aurpegia eman arren (7-7 markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira), amore eman zuen azkenean (9-13).
Gizonezkoen kadeteetako taldearentzat, bestalde, asteburu borobila izan zen. Barixakuan, 17-1 irabazi zion Urgarari eta, zapatuan, 5-21 irabazi zion Donostiko Easwin-i.











