Bat ez bi radar jarriko dituzte AP-1 eta AP-8 errepideetan, Maltzagako lotunean

Gailuak 25 hilabetez egongo dira martxan eta gehienez 60 km/h-ko abiaduran pasa ahalko da haien aurretik
Bat ez bi radar jarriko dituzte AP-1 eta AP-8 errepideetan, Maltzagako lotunean
(Argazkia: Felix Morquecho)
2026/05/07 12:45
Ekhi Belar Errasti

Maltzaga inguruko autobide lotunean bi radar berri jarriko dituzte azkenean, trafikoaren segurtasuna handitzeko eta abiadura kontrolatzeko helburuarekin. Euskadiko Boletin Ofizialaren (EHAA) arabera gailuak 25 hilabetez egongo dira martxan eta gehienez 60 km/h-ko abiaduran pasa ahalko da haien aurretik.

Orain dela egun batzuk radar bat jarriko zutela zabaldu zen, baina AP-8 eta AP-1 autobideen inguruko obrak eta bertan dagoen tunela direla eta, bi jartzea erabaki dute.

Gauzak horrela, horietako lehena bidegurutzearen ondoren jarri dute, 145,5 kilometro puntuan, errei horren eskuinaldean, tunelean sartu aurretik. Eta bigarrena, 145,95 kilometro-puntuan, tunel horren irteeran jarri da, Maltzagako biaduktuaren aurretik. Hasiera batean bidearen ezkerreko alboan jarri dute, nahiz eta zehazten den “lanaren fasearen arabera”, eskumara ere mugitu ahal izango dela.

Beraz, tarte horretan autobideko abiadura orduko 60 km/h-ra murriztuta geratzen da. “Kontrolatu beharreko kilometro-puntuetan, jendeari jakinaraziko zaio badagoela irudiak hartzeko gailurik, horretarako egokiak diren informazio-seinaleen bidez”, gaineratu du astearte honetan EHAAn argitaratutako ebazpenak.