BIDEOA | Euskarak Untzaga plaza beteko du bihar
Bihar, urriak 5, …eta kitto! Jaia ospatuko dugu Eibarren …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik. Beti bezala, jai giroan eta herritarrekin batera, euskara erdigunera eraman eta elkarrekin musikaz zein sagardoaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu.
Sagardo-dastaketa soil bat baino gehiago eskaini nahi dio …eta kitto!-k herriari: euskal giroa sustatu, euskaraz berba egiteko espazioak eskaini eta herriko giroa piztu nahi baitu elkarteak. Berrikuntza moduan, aurten jaia luzatuko du ..eta kitto!-k, elektrotxarangaren laguntzarekin, erdigunea ez ezik, gainerako kaleak ere euskaraz beteko ditu-eta.
Azken urteetakoei jarraituz, goiz eta arratsaldeko saioetan banatuko da 29. edizio hau ere: eguerdiko 12:00etatik 14:30era arte lehenengoa eta 19:00etan hasi eta sagardoa agortu arte bazkal ostekoa. Aurten Bereziartua, Lizagasar, Zabala, Saizar eta Oyarbide-Zabalegui sagardotegietatik ekarritako sagardoa dastatzeko aukera izango da. Tiketak 10 eurotan salduko dira (edalontzia + zapia + pintxoa), eta pintxoa soilik nahi dutenentzat 2 euroko tiketak egongo dira.
Auzolana da sagardoaren inguruko jai honen bereizgarrietako bat; izan ere, 70 lagunen bueltan ibiltzen dira eguna antolatzen eta egunean bertan lan egiten: …eta kitto! Euskara Elkarteko bazkideak, elkarte gastronomikoak, berbalagunak…
Zaloa Urain izango da aurtengo omendua
Goizeko saioa eguerdiko 12:00etan zabalduko da eta, txotx egitearekin batera, euskaltzaletasunari eskainitako saria jasoko du Zaloa Urain musikariak: “Euskarari eta euskal kulturari egiten dien ekarpen handiagatik; musikari, hezitzaile eta euskaltzale moduan, Eibarren eta Eibarko mugetatik harantz. Konprometitua, eskuzabala, ausarta, eragilea… Zaila da Zaloa hitz bakarrarekin definitzea. …eta kitto!-rekin harreman estua izan du gaztetatik, gaur egunera arte iristen dena. Ondo merezitako saria jasoko du”, diote elkartetik.
Musika Eskolako Marisol Arrillagaren taldeko trikitilariek eta Asier Osoro txalapartariak girotuko dute eguerdia. Gainera, sagardoa egiteko prozesua bertatik bertara ezagutu nahi duenak dolarea izango du ikusgai (sagarrak prentsatu eta ekoizteko tresna), eta, nola ez, kirikoketarekin sagarrak txikitzeko aukera izango da.
Aurtengo berritasun moduan, Patxangoi elektrotxarangak girotuko du iluntzea, eta egun osoan Photocolla egongo da. Aurten ere argazki-lehiaketa antolatu da. Parte-hartzea oso erraza izango da: Instagrameko @gaztekitto kontua jarraitu, argazkia atera, eta Instagramera igotzerakoan @gaztekitto etiketatu.
Egunaren bigarren zatian, arratsaldekoan, luxuzko asteburua zozketatuko da tiket-salmenta puntuan, 20:00 bueltan. Rifak salgai daude oraindik ere euro batean hainbat tokitan eta egun horretan ere han izango dira, azken aukera hori aprobetxatu nahi duenarentzat. Oraingoan asteburu hori Gasteizen izango da: Hotel Silken Ciudad de Vitorian bi lagunentzako gaua eta armosua; afaria Gasteizko El Portalon jatetxean; bisita gidatua Santa Maria katedralera eta Andra Mari zuriaren dorrera; eta degustazio menua Andere jatetxean.