Bihar Eibarren egingo den Ikaspenpresa azokak trafikoan eragina izango du
Bihar, otsailak 13, Untzaga plaza inguruan eta Txaltxa Zelai parkean Ikasenpresa azoka egingo denez, 40 autobus inguru iritsiko dira gure herrira. Ekitaldiak 2.000 parte-hartzaile inguru izango ditu. Hori dela eta, Udaletik aurreratu dutenez, erdigunea soilik oinezkoentzat izango da 08:00etatik 15:00etara. Aldi berean, Toribio Etxebarria eta Zuloagatarren kaleak itxita egongo dira.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren "ITLENT" Euskadiko Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuak antolatuta, eta Eibarko Udalaren laguntzarekin, XIV. Ikasenpresa Azoka hartuko du gure herriak. Euskadi mailako azokan 410 ikasenpresa aurkeztuko dituzte Lanbide Heziketako ikasleek. EAE-ko 50 Lanbide Heziketa zentruetatik etorriko diren bi mila bat ikasle eta 102 irakasle elkartuko ditu Eibarren ekimen honek, eta klasean landu dituzten ideia ekintzaileak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute herritarrek. Informazio gehiao hemen.