Bizitza osorako esperientzia
Joan den astean eman zitzaion amaiera Ikasten Elkarteak antolatzen duen 19. Debabarreneko Esperientzia Eskolari. Armeria Eskolan egin zuten diploma banaketa eta pena handiz, baina bihotza beteta esan zioten agur ikasturteari. Eta ez hori bakarrik, burua ere bete-betea izan dutelako, gauza interesgarri asko landu eta ikasi baitituzte. Orain, ikasturtean garatu duten proiektua jarriko dute martxan: Agurtzen.
Esperientzia Eskolaren 19. promozioko Ana Suarez, Clara Etxeberria eta Rosa Mari Amesti izan dira gurean ikasturteari errepasoa egin eta Agurtzen proiektua azaltzeko. Hirurek pena handiz esan diote agur ikasturteari, “bizitzako esperientzia izan delako”, Clararen berbetan, baina gogotsu daude handik sortu den proiektua gizarteratzeko.
Ikasturte honetan 24 lagunek hartu dute parte Esperientzia Eskolan, 20 emakumek eta 4 gizonek. “Esan digutenez, ia beti gertatu izan da horrela, askoz ere emakume gehiagok parte hartzea”, esan digu Rosa Marik. “Badirudi gizonezkoak ez direla ausartzen horrelako ekimenetan parte hartzera”, berretsi du Clarak.
Hasieran, batzuek bistaz ezagutzen zuten elkar, baina gehienak ezezagunak ziren. Horrela, esperientzia honek jende berria ezagutzeko eta lagun-taldea zabaltzeko balio izan die.
Parte-hartzaile bakoitzak bide bat egin du bertan sartu aurretik, eta Rosa Marik bere esperientzia azaldu digu: “Lagun batzuen gomendioz eman nuen izena. Etxetik irten behar nuela eta zerbait egin behar nuela esaten zidaten, eta izena eman nuen. Niretzat oso bizipen positiboa izan da, etxetik irteteko eta beste jende batekin konektatzeko balio izan didalako”.
Clarak zera kontatu digu: “Jubilatu nintzenean ez nekien egun guztian zehar zer egingo nuen, lan egin barik... Orduan, Esperientzia Eskolaren inguruan zerbait entzun nuen, interesatu zitzaidan eta animatu egin nintzen”.
Anak esan digu berak aspaldi zuela izena emateko asmoa, baina iloba zaintzen duenez ezin izan duela egin orain arte: “Durangon bizi da eta, aurten jantokian dabilenez, arratsaldera arte libre eduki dut eta izena eman ahal izan dut”. Bere ustez, “oso esperientzia gomendagarria da, mundu guztiak probatu beharko luke”.
Horretan guztian, Eva Perez de Albeniz Esperientzia Eskolako koordinatzailearen papera nabarmendu dute. “Taldeko gazteena izan arren, guztion ama izan da”, diosku Anak. “Pertsona zoragarria da, asko zaindu gaitu”, berresten dute beste biek.
Jarduera interesgarriak
Ikasturtean zehar hainbat ekintza egin dituzte. Besteak beste, adituen eskutik gai batzuk landu dituzte eta, hirukotearen ustez, oso gai interesgarriak izan dira. “Ezagutza zabaltzeko eta gai askoren inguruan hausnartzeko balio izan digu”, esan digutenez. “Ez da txikitan eskolara joaten zinenean bezala izan, askoz ere modu didaktikoagoan landu ditugu gai horiek”, azaldu digu Rosa Marik. Hala nola, sexologiaren, filosofiaren, historiaren eta literaturaren inguruan jardun dute.
Aipatutako gaiak lantzeaz gain, irteerak ere egin dituzte ikasturtean zehar. “Ondarroan izan ginen eta hango bi taldekidek ibilaldi gidatua eskaini ziguten, Kilimon ibaiaren iturburua ezagutu genuen...”, aipatu dituzte, besteak beste.
Jarduera horiez gain, eguenetan Ikastenek hitzaldiak antolatzen ditu Armeria Eskolan eta Esperientzia Eskolakoek bertaratzeko aukera izan dute, goi-mailako hizlariekin solasaldiak edukiz.
Agurtzen proiektua
Esperientzia Eskolako promozio bakoitzak proiektu bat garatzen du. Aurten, heriotza duinaren inguruan jardun ondoren eta taldean gaiak interesa piztu zuela ikusita, horrekin zerikusia duen proiektua landu dute 19. promozioko ikasleek: Agurtzen. “Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartetik etorri ziren, eta Eibarren aurretiazko borondatearen inguruko informazioa jasotzeko aukera handirik ez zegoela iruditu zitzaigun”, diosku Rosa Marik.
Behar hori asetu asmoz, proiektua jarri dute martxan eta horren bitartez aurretiazko borondatearen inguruko informazioa emango diete herritarrei, horren inguruko zalantzak argituko dituzte eta beharrezkoa den dokumentazioa betetzeko laguntza eskainiko dute. Horretarako, ekainaren 5ean hasita, hilabete bakoitzeko 1. eta 3. eguaztenetan (abuztuan kenduta), 18:00etatik 20:00etara, Untzaga Gizarte Etxeko Arrate aretoan egongo dira zerbitzua ematen.
Hirukoteak azaldu digunez, aurretiazko borondateen dokumentu bat prestatu dute, “gehiengoen beharretara egokitzen dena”, baina norberak beste zerbait gehiago txertatu nahi izanez gero, aukera izango du. Baina, zertarako balio du aurretiazko borondateen dokumentuak? “Adibidez, bizitzaren momentu batean atzera bueltarik ez duen gaixotasunen bat badut, ez dut nahi nire familiak edo ingurukoek zalantzak izan ditzaten nirekin gauza bat edo beste egiteko. Eta ez dut nahi landare bat bezala egon, kable batzuei konektatuta. Horregatik, burua ondo duzunean, zure nahia zein den idatziz jarri dezakezu eta, kasua ematen bada, hori errespetatu beharko litzateke”, azaldu digu Rosa Marik.