Egungo gizartean euskaraz sozializatzeko aukerak eta erronkak
Asier Basurto (Soziolinguistika Klusterra)
“Jendaurrean.eus erakundeek euskaraz komunikatzeko gida”-ren gainean aritu da Soziolinguistika Klusterreko Asier Basurto ikerlaria. Mota guztietako erakundeek beren komunikazioetan euskara gehiago nola erabil dezaketen laguntzeko gida da Jendaurrean.eus. Soziolinguistika Klusterrak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, hainbat erakunderekin bideratu duen bederatzi urteko jardunbidearen emaitza da.
Komunikazio publikoa izaten da entitate askoren zereginetako bat. Erakunde handiei zein txikiei, publikoei zein pribatuei, guztiei egokitzen zaie jendaurrean aritzea, eta hor aintzat hartu beharreko aldagaietako bat izaten da hizkuntzaren kudeaketa. Online aurki dezakegun gida horretan biltzen dira erakunde batek komunikazio publikoan hizkuntzak egoki kudeatzeko irizpideak, esperientziak, tresnak eta gomendioak. Euskarari ahalik eta toki gehien egitea eta jende guztiaren esku jartzea da euren asmoa: “Era eta tamaina askotako erakundeei komunikazio erabilera ona, erosoa eta eraginkorra egiten lagundu nahi diegu. Erakundeetako arduradunentzat, komunikazio arduradunentzat, euskara bultzatzen dihardutenentzat…oso baliagarria izan daiteke. Hizkera akademikoa saihestuz egin dugu, eta behar desberdinei egokituz. Era askotako baliabideak, erreferentziak, kasu praktikoak, gomendioak eta tresnak aurkitu daitezke bertan”. Kontsultategi bat da azken batean, “eskura izateko, behar denean kontsultatzeko”. Euskarri guztietan (sare sozialak, webguneak, ekitaldiak, bilerak…) nola eragin azaltzen da. Proiektua ezagutzeko Jendaurrean.eus atarian sartu besterik ez daukazue.
Aitzol Astigarraga (Orai NLP zentroa)
Aitzol Astigarraga Orai NLP zentroko informatikaria eta koordinatzailea izan da bigarren hizlaria “Euskararen aukerak eta erronkak adimen artifizialaren garaian” gaiarekin. Euskararen prozesamendu konputazionalean aritzen da Aitzol 14 lankideekin batera Orai NLP adimen artifizialeko zentroan. Llama-eus-8B garatu dute, hizkuntza eredu neuronal berri bat (LLM, Large Language Model), euskara idatzia ulertzea eta sortzea eskatzen duten adimen artifizialeko tresnak errazago garatzeko diseinatua, besteak beste, zuzentzaile gramatikalak, edukiak sortzeko sistemak, hezkuntza-materialak sortzeko sistemak, bilatzaileak, txatbotak eta itzultzaile automatikoak. Llama-eus-8B eredu berria modu librean eskuratzeko moduan jarri dute.
Euskarak ingurune digitalean duen lekuaz aritu da hasieran: “Munduan 7.000 hizkuntza baino gehiago daude eta hizkuntzen %5 baino ez da erabiltzen Interneten, eta horrek gainerako %95ak heriotza digitalera kondenatuko ditu”. Esfera teknologiko digital horretan non dago euskara? Hizkuntza handiengandik nahiko urruti, baina beste estatu-hizkuntza batzuen pare gaudela esan du Aitzolek. Handiengandik urruti egon arren, komunitate aktiboa daukagu bere esanetan, eta “euskarazko tresna gehienak hemen sortu dira”. Euskarazko edukiak ere hor daude (adibidez, Euskal Herriko webguneetan euskarak %14ko presentzia du eta .EUS domeinuko webguneetan %75ekoa. Wikipedia ere hor dago, baina hizkuntza handiekin alderatuta oso txikia da euskararen presentzia: baina edukiak hor egon arren, askotan horietara iristen ez garela dio Aitzolek: “Besteak beste, mugikorrak ez ditugu euskaraz konfiguratuta, eta horrek asko kezkatzen gaitu”.
Adimen artifiziala zer den azaldu du Aitzolek: gizakien pareko adimena erakutsiko duen makina eta programak sortuko dituen informatikaren arloa, hain zuzen. Adimentsu gisa ulertzen duguna, teknologiarekin eta garaiarekin batera aldatzen dela ohartarazi digu. Aplikazio asko naturalizatuta ditugula dio: “Denak adimen artifizialean oinarrituta daude (etxeko roomba, interneteko bilatzaileak, ahots bidezko laguntzaileak…)". Gogora ekarri du “abiadura bizian” ari direla aurrera teknologia horiek, eta aparteko oztopoak dituztela hizkuntza handien ondoan gainerakoek, “testu edo datu bilduma” gutxiago dituztelako eredu horiek elikatzeko. Hor dago, hain justu, arazoetako bat. “Horrenbestez, bestelako estrategia batzuk erabili behar dira hizkuntza handietan erabiltzen diren adimen artifizialeko tresnak euskarara ekartzeko, eta estrategia horien bilaketan aurrerapauso handiak lortzen ari da euskal ikertzaile komunitatea”.
`Tresna hauen alde egin beharko genuke itsu-itsuan?´ galderaren aurrean, dilema hori hizkuntza guztiek daukatela esan du Aitzolek, txiki eta handiek: “Gure etorkizuna zein izango den ez dago argi, baina adimen artifizialik gabe nahiko larri ibiliko garela uste dut”.
Arrate Illaro (hizkuntza normalkuntzako teknikaria)
“Giza baliabideen kudeaketa euskararen normalizazioaren sektorean: talentuaren atxikipena eta pertsonen motibazioa” izenburua izan du Arrate Illaro hizkuntza normalkuntzako teknikariaren hitzaldiak. Arlo publikoan dihardu gaur egun, baina Euskaltzaleen Topagunean eta Euskaraldiaren lehen aldiak koordinatzen aritutakoa ere bada. Euskararen normalizazioan diharduten langileen motibazioaren gaineko lan batengatik eman diote Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duten Txillardegi-Hausnartu saria. Euskararen normalizazioaren alde sektore publikoan zein sozialean ari diren langileen motibazioari eta talentu atxikimenduari erreparatzen die lan horrek, langileen zaintzaren beharra azpimarratuz eta motibazioan eragiten duten aldeko eta kontrako faktoreak azalduz. Ikerketaren arabera, arlo horretan ari diren langile gehienek bokazioa eta lotura afektiboa dituzte euren jardunari dagokionez. Hala ere, beste hainbat arlotan gertatzen den bezala, zailtasunak daude langile kualifikatuei eusteko.
Sektorean bertan dauden aldeetan ere jarri du arreta, eta bere ikerketaren arabera, “mugimendu sozialaren eta erakunde publikoen artean zenbait desberdintasun atzematen dira”. 109 teknikariren artean egin du galdeketa, eta ondorioztatu du orokorrean asebetetze eta motibazio handiagoa dagoela euskalgintza sozialean eta enpresa eta aholkularitzetan, administrazio publikoan baino. “Soldata, lan karga, lanarekiko deskonexioa eta besteren bat kenduta, galderetan aipatu nituen beste faktore guztietan ikuspegia beti izan zen baikorragoa alor sozialean; langileen garapenean, talde giroan, lankideak aliatu moduan sentitzean, arduradunaren inguruko ikuspegian, erakundeak pertsonen zaintzan jokatzen duten eran, gardentasunean, komunikazioan, kontziliaziorako erraztasunetan…”.
Arrate Fernandez (SD Eibar)
“Euskararen ibilbidea SD Eibar-en” aztertu du Arrate Fernandez SD Eibar taldeko komunikazio eta protokolo arduradunak. Lehen euskara plana 2004. urte inguruan egin bazen ere, “2017an Euskara Batzordea sortu genuenetik pauso nabarmenak eman ditugu euskararen arloan. Ezagutza, motibazioa eta erabilera dira gure oinarriak eta hainbat ekimen jarri ditugu martxan, hala nola, euskararen erabilera bultzatzeko plan estrategikoa, Klubeko langileen eta jokalarien euskarazko trebakuntza, euskaren presentzia handitzea komunikazioan, Ipuruan euskararen ikusgarritasuna handitzeko ekintzak, harrobiko jokalariekin erabilera sustatzeko programak, euskararen aldeko kanpainak eta ekimenak (Euskaraldia, AKEBAI, …eta kitto!-rekin elkarlana…) eta Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakundeen laguntzarekin proiektu berriak garatzea euskararen sustapenerako", azaldu du Arratek.
Arratek Euskararen Baloia ekimena azpimarratu nahi izan du, “Klubaren euskararekiko konpromisoaren ikur bilakatu dena”; 2019an sortu zen ekimenak euskararen erabilera sustatzen du Eibarko eta inguruko herrietako ikasleen artean, eta Ipuruako obretan aurkitutako baloi baten istorio polita eta hunkigarria kontatzen du. Bestalde, futbolaren euskarazko hiztegia sortu dute, eta orain dela gutxi Ipuruan banatu zuten zaletu guztien artean. …eta kitto! astekariarekin batera herritar guztiengana helarazteko asmoa dutela aurreratu du. Arratek berak euskararen erabilerarekiko egin duen ibilbidearen testigantza ere eman digu, eta euskaldunberri edo euskaraz jarduteko ohiturarik ez dutenak ekinean jarraitzera animatu nahi izan ditu.
Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz)
Pantailak Euskaraz mota guztietako pantailetan euskararen presentzia biderkatzearen aldeko ekimena da, eta “Urak eginen du bidea” dokumentala proiektatu ondoren hartu du hitza Alex Aginagalde bozeramaileak. Aginagaldek azaldu duenez, gure bizitzako ordu asko ematen ditugu pantaila txiki, ertain, edo handien aurrean: sare sozialetan, streaming plataformetan, zineman, telebistan, bideo-jokoetan… Edukiak kontsumitu eta sortzen ditugun arren, euskarak oso presentzia urria du horietan guztietan. Horrek eragin kaltegarria dauka euskararen jabekuntzan nahiz erabileran. “Euskal Herrian orotara 900 film baino gehiago estreinatu dira 2024an, eta horietatik bi baino ez dira euskaraz”, dio Alexek. "Euskararen presentzia legez bermatuko duen" araudi bat jorratzea eskatu die erakunde publikoei, euskarazko ekoizpen, bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzeko. 2024an zinema komertzialetan egondako ia 197.000 emanaldietatik 1.800 baino gutxiago (%0,9) izan dira euskaraz.
Bestalde, Streaming plataformei ezarritako kuotek hobekuntzak ekarri dituztela esan du Alexek, izan ere, “plataformetan euskaraz eskaintzen dena %3 da gaur egun”. Laburbilduz, hainbat erronka aipatu ditu Alexek gaurkoan: euskaldunok zinema aretoetan jasaten dugun diskriminazioa amaitzeko araudi bat sortzea; ekoizpena eta bikoizketa gehitzea; eta ikus-entzunezko sisteman ikus-entzunezkoen kontseilu bat sortzea, gainbegiratze lanak egiteko. Eta, biribiltzeko, bi eskaera: “Erakundeei eskatuko genieke euskara erdigunean jartzeko. Eta herritarrei, aktiba daitezela”.
Bien bitartean, Pantailak Euskaraz-ek euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu nahi dituzte euskal herritarrak. Hain zuzen, zinemetan eta streaming plataformetan dagoen euskarazko eskaintza eguneratua ezagutzeko, ZerNonIkusi.eus webgunean.
..eta kitto! Euskara Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie bertara hurbildutakoei eta Eibarren AKEBAI, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzari ere bai, ekitaldia urtero antolatu ahal izateko ematen duten babesagatik. Bereziki eskertu nahi dute antolatzaileek S.D. Eibarren prestutasuna eta aurten ere erakutsitako gogoa Mintegiaren garapena egokia izateko.
