Eibar BHI-ko ikasleek Eibar School Musical antzezlana eskainiko dute Coliseo antzokian
Debabarreneko eskola arteko 39. antzerki erakusketa hasi zen martitzenean eta hainbat ikuskizun eskainiko dituzte maiatzaren 13an. Tartean, Eibar BHI-ko DBH-ko 1. eta 2. mailetako ikasleek Eibar School Musical izeneko antzezlana eskainiko dute hilaren 8an (09:30ean LH-ko 6. mailakoentzat eta 19:00etan irekia, 5 euroren truke) eta 10ean (10:00etan DBH 1-koentzat eta 12:00etan DBH 2-koentzat), Coliseo antzokian.
Andrea Covadonga aktore eibartarra izan da, beste behin, herriko aktore gazteen zuzendaria. Urteak daramatza Eibar BHI-ko ikasleekin antzezlanak prestatzen eta, aurreko urteetako arrakasta ikusita, beste behin izan du ardura hori.
Oraingo honetan, High School Musical pelikula oinarri hartuta, Eibar School Musical ikuskizuna sortu du eta honakoa dio sinopsiak: “Gorane Mendik eta Anele Zubiak udako oporretan ezagutzen dute elkar karaoke batean. Anele saskibaloi taldeko kapitaina da eta Gorane Eibarko institutura iristen den ikasle bikaina. Antzerkiko musikalean izena ematea erabaki dute, baina besteek zer iritzi dute?”. Andrearen berbetan, “jatorrizko pelikulan agertzen diren gauza batzuk azaltzen dira, baina beste buelta bat eman diot”.
Estreinaldia gertu dute antzezlanean parte hartuko duten aktoreek. Batzuek badute eskarmentua, iaz ere aritu zirelako, baina beste batzuentzat lehendabiziko aldia izango da eta pixka bat urduri daudela aitortu digu zuzendariak: “Orain arte oso lasai egon dira, baina datagerturatzen doa eta urduritzen hasi dira”.
Antzerkia mundu berria da ikasle gazteentzat eta, Andreak esan digunaren arabera, “hasieran ez dute oso ondo ulertzen. Gidoia eman eta ‘zer da hau?’, galdetzen dute. Orduan, testua eman baino lehen eurekin jolas asko egiten ditut eta jolasen bitartez gidoia lantzen ikasten dute”.
Zuzendariarentzat prozesu hori oso polita izaten da. “Ni ere oso urduri jartzen naiz, emaitza ona ateratzea nahi dudalako, baina zoragarria da”, aitortu digunez. Urtero erronka berri bati egin behar dio aurre, baina azken sei urteetan egindako lanak erakusten du oso harrera ona izaten duela. “Proiektua Eibarren Akebaik bultzatu zuen orain dela sei urte behin bakarrik egiteko asmoarekin, baina hain ondo atera zen, aurrera egin genuela”, diosku Andreak.
Proiektu honekin, ikasleei antzerkia egiteko aukera emateaz gain, bestelako erremintak eskaintzen zaizkie. “Antzerkia lotsa kentzeko oso tresna baliagarria da eta, bestetik, eurentzat gertukoak diren gaiak lantzen saiatzen naiz. Adibidez, bullynga edo euren arteko harremanak. Horrela, antzerkian gai horiek sartzen ditut, ikusten dute euren egunerokoan bizi dituzten egoerak izan daitezkeela eta lagungarria egiten zaie”, zuzendariaren ustez. Ikasleek, gainera, oso gustora dihardute antzerkia egiten. “Eurei asko gustatzen zaie. Ez daude bertan parte hartzera derrigortuta, euren kabuz ematen dute izena, eta demaseko prestutasuna erakusten dute gauzak egiteko orduan”, Andrearen berbetan. Talde bakoitzean 20 lagun inguruk hartzen dute parte, eta ikasle kopuruaren eta euren profilaren arabera egokitzen ditu ikuskizunak zuzendariak.
Antzerkia bokazio
Orain zuzendari lanetan dabil, baina Andreak ere beste aldetik bizi izan du egoera hau. “Txikitatik pila bat gustatu zait antzerkia egitea. Gelan, norbait oholtzara zerbait egitera irten behar bazen, berehala aurkezten nuen neure burua”, diosku. “Horregatik joan nintzen bide horretatik”.
Lehen antzezlana La Sallen ikasten ari zenean eskaini zuen. “Paper bat geratu zen soberan. Gizonezko bat antzeztu behar zen eta neure burua aurkeztu nuen. Beraz, mozorrotu egin nintzen, bibote eta guzti, eta aurrera”, kontatu digu.
Harrezkero, interpretazioaren mundutik egin du bidea. “Donostian antzerkia ikasi nuen, dantza ere urte askoan egin dut, eta ikasketak amaitzerakoan Glu Glu antzerki taldeko kide izateko castinga egin nuen.
Hartu egin ninduten eta 10 urte daramatzat eurekin lanean antzerki-msikalak egiten. Ikus-entzunezkoetan ere aritu naiz, baina antzerkian batez ere”, azaldu digu Andreak. Gainera, umeei zuzenduriko ikuskizunetan ikusi dugu sarritan. “Asko gustatzen zait umeentzat aktuatzea. Umeak zailak dira ikusle moduan. Ikuskizunera engantxatuta ez badaude paso egiten dute, baina oholtzatik euren aurpegiak ikustea zoragarria da. Oso publiko zintzoa da”.
Pelikula edo telesail bat egitea gustatuko litzaioke, “baina famak beldurra ematen dit”, aitortu digu. Zergatik? “Kaletik amarekin joatea eta jendea begira edo argazkiak egiten egotea ez zait gustatzen. Baina tira, pelikula bat egin nahi badut, arlo hori elkarrekin dator”, diosku. Ez harritu denbora gutxian bere aurpegia pantaila txikian edo handian ikusten baduzue.