Eibarko PSE-EEk “hipokresia” egotzi dio EH Bilduri Sanjuanen inguruako kritiken harira
Eibarko PSE-EEk erantzun egin die EH Bilduk Sanjuan jaien antolaketaren inguruan egindako kritikei, eta koalizio abertzaleari “hipokresiaz” jokatzea egotzi dio. Sozialisten esanetan, aurtengo jai egitaraua herritarren ekarpenak kontuan hartuta osatu da, “gazteekin, kuadrillekin eta herriko kolektiboekin izandako bileretan jasotako proposamenak txertatuz”.
PSE-EEk azaldu duenez, azken hilabeteetan Jaietako zinegotziak eta alkatetzak hainbat bilera egin dituzte gazteekin eta kuadrilletako ordezkariekin, aurtengo Sanjuanetarako proposamenak jasotzeko. Lan horren emaitza gisa, espazio horietan egindako hainbat eskaera jaien egitarauan sartu direla nabarmendu dute.
Horrez gain, udal gobernuak Eibarko artistei ikusgarritasuna emateko egin duen apustua nabarmendu dute sozialistek. Horren adibide gisa aipatu dituzte Emekaren eta Danel Santiagoren eta SOBA DJen emanaldiak.
“Kritika iraunkorrean” kokatuta
Jon Iraola Eibarko alkate eta PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, EH Bildu “kritika iraunkorrean” gelditu da. Haren ustez, koalizioak sistematikoki egiten die aurka udal gobernuaren proposamenei, eta ez du ekarpen eraikitzailerik egiten.
Sozialistek adierazi dutenez, “ezin da etengabe parte-hartzeaz hitz egin eta, aldi berean, herritarren ekarpenak jasoz sortu den programa bat gutxietsi”. Gaineratu dute gazteen eta herriko kolektiboen proposamenak errespetatu egin behar direla, “edozein esparrutatik datozela ere”.
Sokamuturraren inguruko polemika
EH Bilduk kritikatu duen beste puntuetako bat sokamuturra berreskuratzea izan da. Horren aurrean, PSE-EEk koalizioari “koherentzia politikoa” eskatu dio, eta gogorarazi du EH Bilduk gobernatzen dituen udalerri batzuetan ere antzeko ekitaldiak egiten direla.
“EH Bildu benetan jarduera mota horien aurka badago, gobernatzen duen herrietan kentzea eskatu beharko luke lehenik”, adierazi dute sozialistek.
“Guztientzako jaiak”
Azkenik, PSE-EEk defendatu du udal gobernuak “kalitatezko eta askotariko” jai egitaraua prestatu duela. Haien esanetan, programak adin eta gustu guztietarako ekitaldiak biltzen ditu, haur, gazte, familia eta tradiziozaleentzat pentsatutako proposamenekin.
Sozialisten hitzetan, helburua izan da “Eibarko aniztasuna islatuko duten jai zabal eta biziak” antolatzea, eta jaiak “herriarenak eta herriarentzat” direla gogorarazi dute.