END plataformak etxerik gabeko pertsonen egoera ikusarazteko performancea egin du kalean
Kale egoeran daudenen egoera ikusarazteko ekintza berezia egin zuen END plataformak hilaren 20an, Justizia Sozialaren Nazioarteko Egunean. Plataformako kideek performancea egin zuten ‘Etxegabetasuna END’ zioen pankarta batekin eta, kalean lo egiten duten pertsonen egoera irudikatuz, zortzi lagun lurrean botata.
Beraien helburua END plataforma ezagutaraztea zen. “Oinarrizko eskubideen alde borrokatzen duen eta erakundeek nahitaezko gutxieneko zerbitzuak betetzea eskatzen duen gizarte-plataforma”, euren berbetan.
END plataformak “premiazko” hiru emari eskatzen ditu: “Batetik, gizarte-zerbitzuen zorroan sartutako aterpe-zerbitzua irekitzea. Bigarrenik, kaleko egoeran dauden pertsonei arreta emateko zerbitzua zabaltzea eta hobetzea, urte osoan funtzionatuko duela bermatzeko. Eta hirugarrenik, oinarrizko gizarte-zerbitzuetan erroldatuta egon beharrik gabe arreta ematea kaleko egoeran dauden pertsonei”.
‘Jenderik gabeko etxeak, etxerik gabeko jendea’ lelopean, END plataformak herritarrei eta erakundeei dei egiten die neurri eraginkorrak har ditzaten eta Eibarko etxegabetasunaren “arazo larriari” erantzun duina eman diezaioten.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan END plataformarekin: endkaletikat@gmail.com helbidearen bidez edo Instagramen @end.kaletikat helbidean.