Enrique Zuazua, matematikaria: “Borondatez eta amorruz egingo dut lan Eibarren alde”

Enrique Zuazua, matematikaria: “Borondatez eta amorruz egingo dut lan Eibarren alde”
2020/01/10 10:51
eta kitto!
Enrique Zuazua matematikari eibartarrak Eibarko Udalak eman ahal duen aitortza handiena eta garrantzitsuena jaso zuen hilaren 3an, ‘Txopitea eta Pakea’ saria. Umil eta ohore handiz, Zuazuak esker onez jaso zuen saria eta “sortzaile eibartarrei” eskaini zien. Iraganeko Eibar gogoratu zuen, txikitan ezagutu zuen herria, gaur egun duen arrakastaren hazia, baina etorkizunean jarri zuen begia. “Eibarrek erreferente izaten jarraitu behar du ekintzailetzan eta berrikuntzan. Eibar marka sustatzen jarraitu behar dugu, gure arteko diferentziak albo batera lagata”. Saria jaso baino lehen, adeitasunez erantzun zigun hainbat galderari.

 

- Nola jasotzen duzu ‘Txopitea eta Pakea’ saria?

Eibar hiri garrantzitsu eta eredugarria da, norberaren jaioterria izateaz gain, eta ohore handia da horrelako hiri baten enbaxadore izatea. Saria baino, ardura hartzen dut. Orain dela 40 urte Eibar ezagutu genuenok Eibarren arima hori ikusten dugu kalean oraindik, gordetzen da, baina beste alor batzuetan indarra eta ekimena galdu dugu, industrian adibidez. Niri zientziaren arloan lan egitea tokatzen zait eta borondatez eta amorruz egingo dut Eibarren alde. Lehen egiten nuen eta orain, ‘Txopitea eta Pakea’ sariaren ondoren, are gehiago. Niretzat enkargu bat da. Era berean, ez da nirekiko sari bat, baizik eta belaunaldi oso bati, zientziaren eta akademiaren munduan dabiltzan eibartarrei egiten zaien aitortza.

- Iraganeko Eibarren arima aipatu duzu, alor batzuetan indarra eta ekimena galdu dugula. Eibar etorkizunera begira jarri ahal izateko pausoak emateko ardura hartzen duzu?

Gogoeta horretan laguntzeko gogoa eta asmoa gutxienez bai. Gaur egun zaila da herri batentzat eredu berri bat sortzea. Euskal Herria txikia da, hiriburuek indar handia hartu dute eta Eibar erdian dago. Batzuetan ondo dago erdian egotea eta beste batzuetan horrek zailtasunak sortzen ditu, hiriburuek erakarri egiten dutelako. Gure indarrak areagotu eta sendotu behar ditugu, eta hortik zabaldu. Unibertsitate munduan UNIa dugu, Euskal Herriko Unibertsitatearen eskolarekin, eta aukera ederra dugu hor. Hala ere, erabaki guztiak ezin dira Eibarren hartu eta gehienak gure eskuetatik kanpo daude. Eibar unibertsitate-esparru bezala finkatzea izan beharko litzateke gure lehentasun bat. Irakasle bikainak daude, gehienak euskaldunak gainera, eta lan ederra egiten dihardute energia berriztagarrien inguruan, baina eskola sendotu beharko litzateke karrera edo gradu gehiagorekin. Bestetik, ekonomiaren mundua konplexua da eta ez naiz horretan aditua, baina zaila egiten zait asmatzea nola bete ditzakegun herrian hutsik ditugun eraikin guztiak ekimen berriekin. Horren aldeko apostua egin beharko genuke, saiatu gutxienez. Adibidez, gazte asko euren enpresa sortzen hasten direnean, ez daitezela jarri hiriburuetara begira, Eibarren geratzeko baldintzak eskaintzea.

- Maiatzean jaso zenuen Humboldt Katedrak Eibarren hasitako ibilbide baten aitortza egiten duela aipatu izan duzu. Nola hasi zen bide hori?

Ni Ikastolan hasi nintzen, Zezenbiden, zezen-plaza inguruan zegoen etxabe batean. Ez zegoen ikasle guztientzako gela eta irakasle nahikorik, eta gela bitan adin ezberdinetako umeak nahastuta egon ginen. Sasoi hartan Zezenbiden zelaiak zeuden eta asko jolastu genuen han. Urte bi haietan asko ikasi nuen, baina Ikastola Elgoibarrera joan zen eta Sagrado Corazonera pasatu nintzen, Isasin (gaur egungo La Salle). Sasoi hartan belaunaldiak oso ugariak ziren eta nire gelan 63 lagun geunden. Ikastolatik nentorrenez, ariketa bat egin behar izan nuen sartzeko eta zailtasunez egin nuen, galdera guztiak gazteleraz zeudelako eta ni euskeraz egitera ohituta nengoelako. Matematikak indar asko zuen irakaskuntzan eta batuketa handiak jartzen zizkiguten arbelean, umeak isilean eta lanean egon gintezen. Nik erraz eta gustora egiten nituen, eta erraztasunez egiten duzuna gustatu egiten zaizu, eta gero eta gehiago egitean erraztasun gehiago irabazten duzu. Gero, Unibertsitate Laboralean egin nuen Batxilergoa eta matematikekin ondo moldatzen jarraitu nuen. Unibertsitatean sartzeko orduan, nahiz eta matematikarekiko zaletasuna izan, zalantza askorekin egin nuen aukera. 1979. urtea zen, trantsizio sasoia, eta giro politikoa oso bero zegoen. Matematikak irtenbiderik ez zuela esaten zidaten, irakaslea izateko besterik ez zuela balio, abstraktuegia zela, hobe zela ingeniaritza edo ekonomia ikastea, eta abar. Baina nire anai nagusiak gustokoen nuena egiteko esan zidan eta hori egin nuen. Leioan hasi nintzen, Zientzia fakultatean euskeraz egiten zen lehen urtean. Ikasgai bakarra genuen euskeraz, fisika, Joserra Etxeberria eibartarrak ematen zuena. Gero, karrera amaieran, euskera zientifikoko ikasgai bi izan genituen. Azkenean ni euskeraz erdi-alfabetatu egin nintzen, izan nuen aukeren arabera, baina tesina euskeraz eta gazteleraz idatzi nuen. Ondoren, karrera amaitzean, Parisera joateko aukera izan nuen beka bati esker tesia egiteko.

- Eta ikasketak amaitu ondoren, zer?

Sasoi hartan EHUn ez zegoen plangintza argirik itzulitakoek jarraitu behar genuen ibilbidearen inguruan, baina Madrilgo Unibertsitate Autonomoak funtzionario plaza batzuk atera zituen nazioarte mailako matematika departamendu bat sortzeko asmoz eta hara joan nintzen.

- Zure ibilbidea ikusita, gune berrietan bidea zabaltzen joan behar izan zarela dirudi.

Gurea izan zen ia edonor unibertsitatean sartzeko moduan egon zen lehen belaunaldia. Unibertsitate berriak sortzen hasi ziren eta, lehen belaunaldiak harrapatu nituenez, unibertsitatean hainbat lan eta aukera izateko parada izan dut. Guk oso urte onak hartu genituen. Orain gazteentzat gauzak askoz ere zailago daude.

- Gazte asko atzerrira joan behar izan dira etorkizun oparoago baten bila. Nola erakarri ditzakegu?

Euskal Herriak arazo soziologiko bat du: biztanleak galtzen ari gara. Batzuetan ulergaitza da. Hemen bizi direnak pentsatu dezakete hemen bizitzeko baldintzak primerakoak direla, baina jaiotza-tasa oso baxua da. Hain pozik bizi bagara, zergatik ez ditugu ume gehiago? Zergatik ez ditugu sortzen aukera berriak hurrengo belaunaldientzat? Izen euskaldunak toki askotan ikusten ditut irakasle moduan ekonomia arloan, zientzia arloan, Ingalaterran, Amerikako Estatu Batuetan… Eta ez dakit ahalegin nahikorik egiten den eurak hona ekartzeko orduan. Baina kontua ez da jendea ekartzea bakarrik. Askotan planteamendu berriekin etortzen dira eta hemen daudenen aldetik egokitze esfortzu bat eskatzen da. Jende horrek dinamikak berritzen ditu. Beraz, aukera batzuk sortzeaz gain, soziologikoki eraldatzeko joera egotea beharrezkoa da. Alemanian ezagutzen dudan ereduan, Humboldt Fundazioaren ikuspuntutik, lidergo bat dago argi eta garbi. Lidergo argiak behar dira eraldaketa soziologikoen alde egiteko. Bestela, gizakiok erresistenteak gara aldaketekiko. Gertatu zaigun arazoetako bat hori izan da. Alde batetik, Gobernutik hainbat programa sortu dira jendea erakartzeko, baina ez dakit presio nahikoa egin den etorri direnak onartuak izan daitezen, eta askotan gertatzen dena da etorri direnak alde egiten dutela berriz. Unibertsitateko irakaslea izatea ez da klarionarekin arbelean idaztea, baizik eta giro akademiko, berriztatzaile, ireki eta aske batean murgilduta sentitzea. Hori soziologiarekin batera dator eta tradizioa behar du. Beraz, ez da horren erraza. Eraikinak egin ahal dira, baina instituzio akademikoak sortzea askoz ere zailagoa da. Foballean bezala gertatzen da. Foball zelai bat eraikitzea milioi kopuru batzuren kontua da, baina Eibar bezalako goi-mailako talde bat egiteko tradizioa, planifikazioa, zorte pixka bat, urteetako lana, eta eredu argi eta garbi bat behar da.

- Matematika aplikatuetan munduko onena zarela esaten dute. Nola hartzen dituzu horrelako berbak?

Nire pegorako onena agian bai, eta bakarra, ez dagoelako beste matematikaririk (barreak). Ez, tira, munduko onenak ez daude hemen, beste toki batzuetan daude, eta ez da hain erraza sailkatzea. Matematikan dihardugunok argi dugu non kokatzen garen eskala batean. Gainera, mundu akademikoan nahastu egiten dira merituak eta aukerak, eta nik oso aukera onak izan ditut beti. Beti saiatu izan naiz gauzak egiteko beste modu ezberdin bat edukitzen, eta hau bai da Eibarren ikasi dudan zerbait (ez dakit giroan dagoen, etxekoa den, kalean arnasten den edo zer). Sortzea eta ekoiztea gustatzen zait, baina besteekin partekatzeko, hori da Eibarko eredua. Eibarren enpresagintza beti izan da ezberdina. Alfaren kooperatibismoa beti izan da eredugarria, baina kooperatibak ez ziren enpresek ere kooperatibismo kutsu hori zuten: elkarlana, konfiantza-giroa… Zerbaitetan arrakasta izan badut, horretan izan da. Lan gogorra egitea bai, baina partekatzeko eta hedatzeko. Horrek eman dio arrakasta edo oihartzuna nire lanari.

- Zein mezu emango zenieke euren bidea hasten diharduten gazte eibartarrei?

Niri esan zidatena: “gustatzen zaizuna jarraitu”. Zaletasunak jarraitzea eta ez geratzea baldintzatuta gero nolako irteerak izango dituzten pentsatu dutelako. Etorkizuna ezin da aurreikusi, baina seguru nago bakoitzak dituen zaletasunei ekinez gero aukerak izango direla, hemen edo beste nonbaiten. Mundua geroz eta globalizatuagoa dago eta distantziak geroz eta hurbilagoak dira. Ikastea oso inportantea da (ez beharrezkoa, jende askok asko ikasi barik euren bizimodua oso ondo ateratzen dutelako aurrera), ikasi dezatela ahal bezain beste, eta bakoitzak bere zaletasuna jarrai dezala, zaletasuna profesio bihurtzen saiatuz. Hori izango litzateke arrakastarik handiena.

- Hain zuzen ere gazteei zuzentzen zaie zure laguntzarekin egin den ‘Jakin eta Erein’ egitasmoa. Nolako erantzuna izan du?

Alberto Albistegi zinegotziaren ideia izan zen unibertsitatearen, zientziaren eta ezagutzaren kulturaren inguruan zerbait egitea, eta eredu ezberdinak landu ditugu. Lehenengo edizioan hitzaldi ziklo bat eskaini genuen eta hizlari eibartar bikainak izan genituen, baina konturatu ginen eredu hori ez zela gehiegi hurbiltzen jendearen beharretara. Aurten, bigarren edizioan, eredua aldatu dugu eta saio bat antolatu genuen Oihana Aristondo EHUko Eibarko Ingeniaritza Eskolako koordinatzailearekin elkarlanean. Graduko azken bi urteetako ikasleak bildu genituen eta lau-bost hizlari etorri ziren, think tank (ideia laborategia) antzeko ekitaldi bat egiteko. Hau da, lehenik 10-15 minututako lau edo bost hitzaldi labur eskaini zituzten energia berriztagarrien, gizartearen erronken eta klima aldaketaren inguruan, eta erronka horiei aurre egiteko enpresa munduan nolako ekimenak sortzen ari diren aztertu genituen. Gero, mahainguruak egin ziren ikasleek hizlariekin zuzenean gai horiek jorratzeko eta eztabaidatzeko, eta mahai bakoitzean landutako ondorioak bertan aurkeztu ziren. Pozik geratu ginen, edizio honetako ereduarekin beste proaktibotasun bat ikusi genuelako. Ikusiko dugu hirugarren edizioan zein eredu jarraitzen dugun, baina uste dut ideia aproposa izango litzatekeela gazteekin eskoletan gauzak egitea.

- Beti erakutsi izan duzu euskeraren aldeko jarrera. Euskerak bere tokia aldarrikatu behar du zientziaren munduan edo zaila da?

Euskerarentzat zaila da, baina zaila da oro har, ez zientzian bakarrik. Euskalzale gehienontzat ardura handia da. Ikusten dugu egin diren ahaleginen ondorioak ez direla guk uste genituenak. Gaur egun ia jende guztiak ikasten du euskeraz eskolan, baina erabilera ez da horren altua. Euskal Soziolinguistika Klusterraren azken inkesten arabera euskeraren erabilera kalean ez doa gora, nahiz eta ofizialki gero eta jende gehiago euskaldunduta egon. Modu paraleloan, unibertsitatean gauza bera gertatzen ari da. Gaur egun karrerak euskeraz ikasi ahal dira neurri handi batean, baina mundu akademikoa geroz eta ekimen globalizatuago bat bihurtzen ari da. Orduan, jendea ingelesez egitera behartuta dago. Euskerak, beste hizkuntza batzuk bezala, badu aukera testuak sortzeko, eta irakaskuntzan eta ikerketa-mailan erabiltzeko, baina kontuan izan behar da profesionalak behartuta gaudela nahitaez ingelesez idaztera. Ez dakit zeintzuk diren etorkizunera begira euskerak dituen benetako aukerak, baina euskeraz dakigunon konpromiso handiago baten beharra dagoela uste dut.