ERNESTO BARRUTIA, La Novena: “Negarrik egin nahi ez dugunez, irribarreen gainetik barre egingo dugu”
Esperientzia Eskolako 9. promozioak uzta oparoa eman zuen, oso artistikoa. Handik irten zen La Novena antzerki taldea eta hamar urtetan zehar hainbat ikuskizun eskaini dituzte han eta hemen. Normalean urtero aurkezten dute lan berri bat, eta orain ‘Sonrisas y risas’ antzezlanarekin datoz. Hilaren 9an egingo dute estreinaldia, 19:00etan, Coliseo antzokian.
Umorea ardatz duen ikuskizuna da ‘Sonrisas y risas’. Bertan, zortzi fartsa antzeztuko dituzte, Rafael Mendizabal antzerkigile donostiarraren zazpi eta Anton Chejov antzerkigile errusiarraren lan bat. Ernesto Barrutia zuzendariak esan digunez barre egiteko bi ordu izango ditugu Coliseoan eta, gainera, Juan Luis Agirre piano-joleak musika jarriko du obra batetik bestera.
Nolako ikuskizuna prestatu duzue?
Barre asko eragingo duen ikuskizuna da. Orokorrean umorezko gauzak egiten ditugu, hori delako jendeak eskatzen diguna. Ni ez nago hain ados, baina tira (barreak). Beste erregistro batzuk lantzea nahiko nuke, baina talde amateurra gara eta hori da irteten zaiguna.
Gutxienez, momentu dibertigarriak pasako dituzue horrelako lanak egiten, ezta?
Bai, eta publikoak ere oso ondo pasatzen du gurekin barre egiten. Tragedia bat kontatuko bagenu edo, aspaldi Kultun egiten genuen bezala, obra iraultzaileren bat, beste kontu bat izango litzateke.
Nolako lanak antzezten zenituzten Kultun?
Adibidez, Aljeriako independentziaren ingurukoak, Alfonso Sastreren obrak, torturari buruzko eszenak, independentzia lortzeko borroka... Sasoi hartan, gainera, zentsura handia zegoen hemen eta polizia entsegu orokorra ikustera etortzen zen.
‘Sonrisas y risas’ izenburua jarri diozue ikuskizunari. ‘Sonrisas y lagrimas’ pelikularen izenburuarekin egindako hitz-jokoa da?
Hori da! Negarrik egin nahi ez dugunez, irribarreen gainetik barre egingo dugula azpimarratu nahi dugu.
Zortzi fartsa antzeztuko dituzue. Azalduko duzu fartsa bat zer den?
10-15 minutuko obrak dira, esketx modukoak. Taldean aktore asko gara eta guztiok parte hartu ahal izateko egiten dugu horrela. Bestela, obra arrunt bat egingo bagenu, nahiz eta zortzi edo bederatzi pertsonaia egon, gutako baten bat beti gelditu beharko litzateke kanpoan.
Juan Luis Agirre izango duzue lagun pianoan. Nolako papera izango du berak ikuskizunean?
Zoragarria da bera! Beti prestatzen ditugu abesti batzuk eta sei abesti kantatuko ditugu Isa Gonzalezek eta biok, Jose Luisen laguntzarekin. Fartsa batetik bestera dagoen tarte horretan abestuko dugu, eszenatoki bat kendu eta hurrengoa montatu bitartean.
Beraz, antzezteaz gain, abestu ere egiten duzue!
Bai! Egia esan, Isa demaseko ezustekoa izan da. Oso aktore ona izateaz gain, bikain abesten du. Beti gustatu izan zaio abestea, baina orain hasi da kantu-eskolan eta zoragarria da. Inoiz ez da berandu!
Ikuskizuneko zortzi fartsetako zazpi Rafael Mendizabalenak dira. Zergatik aukeratu dituzue?
Zenbait autore aztertzen ibili ginen zein obra antzeztuko genuen erabakitzeko eta bere lanak oso barregarriak iruditu zitzaizkigun. Donostiarra bazen ere, ez nuen ezagutzen. Bestetik, Anton Chejoven obra bat antzeztuko dugu amaieran. Chejov oso dramaturgo berezia da, oso umore berezia du.
Zein umore mota lantzen duzue?
Chejoven umorea nahiko garratza da, baina Mendizabalena nahiko zuria, nahiko normala. Bestalde, guk ere zenbait ekarpen egin ditugu eta broma batzuk gehitu dizkiegu testuei. Obrak borobildu nahi izan ditugu baldarkerian erori gabe.
Zu zara zuzendaria, baina beste kideek ere ekarpenak egiten dituzte?
Bai, guztiek hartzen dute parte eta euren iritzia ematen dute lanak aukeratzerakoan, esan beharrekoa zehazterakoan eta abar. Oso giro polita dago taldean.
Zure ibilbidean antzerki-konpainia profesionaletan ibili izan zara. Nolakoa da aktore amateurrak zuzentzea?
Konpainia profesionaletan egunean zortzi orduz egiten genituen entseguak. Orain, egoera bestelakoa da eta ezin naiz oso zorrotza izan. Gainera, aktoreek iniziatiba izatea gustatzen zait. Adibidez, eszena baten ezaugarriak ematen dizkiet (egoera azaldu, espazioa zein den, euren ezaugarriak...) eta antzezteko eskatzen diet. Ez bazait gustatzen, aholkuak ematen dizkiet eta poliki-poliki aktuazioa borobiltzen goaz. Kontua eurak ausartzea da, gero zuzenduko dugu zuzendu beharrekoa.
‘Sonrisas y risas’ prestatzeko nolako lana egin behar izan duzue?
Hamar hilabete inguru ibili gara ikuskizuna prestatzen. Hasieran entseguak astean behin egiten genituen, baina ikuskizun honetan nahaste-borraste batean sartu gara eta astean birritan bildu behar izan gara azkenean.
La Novenak hainbat urte daramatza martxan dagoeneko. Eboluzioa igarri duzue?
Nire pozerako, bai. Adibidez, gogoratzen dut hasieran ‘Bernarda Alba’ obraren irakurketa egin genuela eta kide bati esan nion bera Bernarda izango zela. Oso urduri jarri zen eta ez zitzaion ondo irten, baina zerbait berezia zuela ikusi nuen. Ez nenbilen oker eta gaur egun oso ondo moldatzen da.
Beraz, gure artean antzerkirako talentua duen jende asko egon daiteke eta, agian, eurek ere ez dakite hori?
Izan daiteke. Isak, adibidez, esan zidan aspaldi Arrate Taldean zerbait egin zuela, baina gero laga egin zuela, eta beti ibili dela antzerkia egiteko gogoz. Bilbora joan behar zen ikastera, baina La Novena antzerki-eskola ona izan zitekeela esan nion eta geratu egin zen. Hori bai, gizonezkoen falta izan dugu beti. Horregatik, ‘Sonrisas y lagrimas’ antzezlanean Gorka Errastik hartuko du parte gurekin. Gorkarekin antzerkian hainbat lan egin ditut aurretik eta gogotsu zegoela banekien. Beraz, aukera eskaini nion eta berehala esan zuen baietz.
Iaz martxan jarriz zen Antzerki Laborategian dabil bera. Horrelako ekimenak beharrezkoak dira herrian antzerkigintza sustatzeko?
Gu aitzindariak izan ginen Kultun frankismoaren sasoian. Gero, hor dago Narruzko Zezen eta baita Antzerki Jardunaldiak ere, baina egia da zerbaiten falta egon dela.