‘Erretaula gorputz eta adimenarentzat’ proiektua garatu du Andres San Millanek
Andres San Millan eibartarrak ‘Erretaula gorputz eta adimenarentzat’ proiektua garatu du New Yorken (AEB). Itsasora botatako egurrekin eta bertan aurkitutako elementuekin osatu du erretaula, “natura, birziklapena eta iragankortasuna gogoraraziz”, bere berbetan.
Artista eibartarrak obra honetan lanean dihardu oraindik eta bi aurkezpen egingo ditu publikoak erretaula bertatik bertara ezagutzeko. Batetik, urriaren 17an, 18:00etan, erretaularen hasierako zati bat erakutsiko du; eta bestetik, 2026ko martxoan, lehen zati osatua erakutsiko du Bank Art Galleryn (94 Broadway, Newburgh, NY).
Narratiba alternatibo bat
San Millanen esanetan, “narratiba alternatibo bat eskaintzen du, gaur egungo komunikabideek saturatzen dituen informazio jario etengabe eta askotan toxikoaren aurrean. Horrez gain, monumentu bizi bat da, goizegi galdu ditugun horien omenezko oroigarri bat”.
Lanak 2024ko tsunamiaren erantzun gisa hartu zuen hasierako forma. “Harrezkero, orainaldiak utzitako zauriek moldatu egin dute: berotze globalak, Ukrainako eta Gazako gerrek, Covid-19aren pandemiaren ondorioek, Haitiko lurrikarak eta gure egunak markatzen jarraitzen dituzten hamaika atsekabeek”, aipatu digunez. “Errealitate horien aurrean, kontsolamendua eta gogoeta egiteko espazio lasai bat eskain dezakeen lan bat sortzeko beharra sentitu nuen”.