...eta kitto! Euskara Elkartearen tonbolak inoiz baino sari gehiago banatuko ditu Arrate egunean
…eta kitto! Euskara Elkartearentzat ere ikasturtearen hasiera markatzen dute Arrateek. Bertso-afaria izango da irailaren 7an Tiro Pitxoian, eta Arrate egunean KITTONBOLIA. Urtero moduan, Eliza parean egongo gara, 10:00etatik aurrera.
Aurtengo Kittonboliak inoiz izan duen opari-portzentaia handiena izango du eta ia boletoen erdiak saria izango du. 2003az geroztik izan den bezala, aurten ere txartelak euro batean erosi ahal izango dira. 21 urtean zentimo bakar bat ere igo ez den gauza bakarra da. Gazta, txuletak, bazkariak, otarrak, motxilak, urdaiazpikoa, tablet-a, argazki-kamera, ardo-botilak, telebista, Coliseorako sarrerak, kamisetak, diskoak, opari-txartelak… eta beste ehundaka sari dituzue zain.
Urtero moduan Eibarko elkarte, denda, taberna eta enpresen laguntasunari esker tonbola opariz josita ikusiko duzue, eta sariak momentuan jaso behar direla gogorarazi du elkarteak. Eskerrak eman nahi dizkizuegu opariak eman dituzuen babesle guztioi, eta aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuegu egunean bertan boletoak erostera hurbilduko zareten guztioi ere. Dakizuenez, tonbolatik lortutako dirua Eibarren euskararen alde lan egiteko erabiliko du Euskara Elkarteak. Urteko programa aurrera eramateko ezinbestekoa dugu. Beraz, berriro ere, eskerrik asko zuen babesarengatik.