...eta kitto! Jaia heldu da!

Gaur, irailak 27, 12:00etan hasiko da gure festa handia, Untzaga plazan
...eta kitto! Jaia heldu da!
2025/09/27 07:50
eta kitto!

Gaur, IRAILAK 27, …eta kitto! Jaia ospatuko dugu Eibarren …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik. Beti bezala, jai giroan eta herritarrekin batera, euskara erdigunera eraman eta elkarrekin musikaz zein sagardoaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu.

Sagardo-dastaketa soil bat baino gehiago eskaini nahi dio …eta kitto!-k herriari: euskal giroa sustatu, euskaraz berba egiteko espazioak eskaini eta herriko giroa piztu nahi baitu elkarteak.

Sagardoa egiteko prozesua bertatik bertara ezagutu nahi duenak dolarea izango du ikusgai (sagarrak prentsatu eta ekoizteko tresna) eta, nola ez, kirikoketarekin sagarrak txikitzeko aukera izango da. Haurrentzako eskulan-tailerra ere izango da.

Musika Eskolako ikasleek eta Asier eta Kike txalapartariek girotuko dute goiza musikarekin, eta, iluntzean, Latuna Bando txarangaren laguntzarekin, erdigunea ez ezik, gainerako kaleak ere euskaraz beteko ditu ...eta kitto!k.