"Euskeraz bizitzeko eskubidea bermatzeko pauso bat gehiago"
Joan den urteko Euskararen Egunean Eibarko Udalaren euskararen erabilerarako ordenantza egiteko konpromisoa hartu zuen Eibarko Udalak. Esther Kareaga Udaleko Euskara buruaren esanetan, “joan zen urtean gerturatu zitzaizkigun euskalgintzan lanean diharduten taldeak. Egokia iruditzen zitzaien hainbat urtetan egindako lanari forma ematea, arautzea. Udalak, lehenengo momentutik, bat egin zuen asmo edo intentzio horrekin”. Konpromiso hori hartuta, herenegun izandako udal pleno berezian onartu zen ordenantza. EMUN enpresa ibili da aholkularitza lanetan eta “alberdi guztiekin eta euskalgintzako taldeekin adostu egin dugu hemen jasotzen dena”.
Ordenantzak hainbat alor arautzen ditu: euskararen erabilera udaleko barne funtzionamenduan; euskararen erabilera udaleko kanpo-funtzionamenduan; eta euskararen erabilera udalerrian. Junkal Txurruka Udaleko euskara teknikariaren ustez, “Eibarko herriak urte askotan egin du lana euskararen normalizazioan, bai Udalak era instituzionalean eta baita herriak ere bere gizarte forma diferenteetan (elkarteak, kultura, kirola, irakaskuntza, euskalgintza...). Guzti horrek prestatu du giroa eta egitura; pentsatu dugu iritsi dela momentua guzti hori arau mailara ekartzeko edo igotzeko. Beste gauza inportantea da 1982ko Euskeraren Legeak eta horren ondoren atera diren dekretu diferenteek aukera hori ematen dutela. Hau da, euskeraren (elebitasunaren bidetik beti) normalizaziorako aukerak ematen ditu, eta orain erabiltzen duguna baino euskera gehiago erabiltzeko aukera ere ematen du. Ordenantza egin da marko legala ondo errespetatuta. Inportantea da ordenantza bat edukitzea, badaukagulako egiten dugun horretatik egin dezakegunera tarte bat, erabilerari dagokionean eta eskubideei dagokienean”.“Hor jasotzen diren arau horiek betetzeko modukoak izatea, aplikagarriak izatea ere kontuan hartu dugu. Eta zentzu baikor batean, hau da, edonorentzako erakargarri izatea nahi dugu. Argi dago denon laguntza, bultzada eta konplizitatea behar dela. Borondatea eta jarrera positiboa ezinbestekoak dira. Ordenantza hitzak berak atzera botatzen du, baina ez dugu horrela ulertu behar. Hau guztiz modu baikorrean hartu behar dugu”, azaldu dute Kareagak eta Txurrukak.
Urte askotako lanaren fruituetako bat
Behin eta berriro argi laga nahi dute ordenantzak daukan garrantzia: “Urte askotan egin diren indar desberdinen emaitzetako bat da. Ordenanza bat garrantzitsua da eta horrek ere garrantzia ematen dio euskerari”. Ordenantzan jasotzen den guztia betetzen dela ikusteko Euskararen Aholku Batzordea sortuko da. Bertan gizarteko esparru guztietako ordezkariak egongo dira: industria, merkataritza, euskera, kirola, irakaskuntza, alderdi politikoak, sindikatuak… Aholku Batzordeak ordenantzaren jarraipenerako beharrezkoak diren neurriak proposatu, aztertu eta martxan jarriko ditu. Junkal Txurrukarentzat “ordenantza pauso bat gehiago da Eibarko herritarren euskaraz bizitzeko aukera bermatzeko. Euskeraren Legea 82an atera zen. Gauzak ez dira aldatzen egun batetik bestera. Administrazioa orain dela 30 urte elebakarra zen, gaztelaniaz funtzionatzen zuen. 30 urte hauetan lortu da administrazioa elebidun izatea. Azken helburua Eibarren bizi den euskaldun batek euskeraz bizitzeko daukan eskubide hori bermatzea da. Azkeneko bi edo hiru urteetan demanda bat somatu dugu. Herritarrak kexatu egiten dira ondo atenditzen ez bazaie euskeraz edo kalean gauzak erdara hutsean ikusten dituztenean. Orain dela 10 urte ia inor ez zen kexatzen. Herritarra poliki-poliki jabetzen ari da eskubidea daukala euskeraz bizitzeko. Udalean ere bizi izan dugu azkeneko hiru-lau urteotan langileen aldetik beste jabetze puntu bat hizkuntzaren gestioari buruz. Herritarren demanda hori sortzen joan den neurrian, langileek eta politikoek ere beste kontzientzia maila bat lortu dute”.
Eibarren euskeraren erabileran %20-25 tartean gabiltza. lau euskaldunetik batek hitzegiten du euskaraz. “Orain dela gutxi beste herrietako emaitzak izan ditugu eta, egia esan, bai EAEn bai Eibarren gertatzen den erabilera kurba antzerakoa da. Zentzu horretan, ordenantza baten zabalkundeak balio badu euskaldunen kontzientzia pizteko eta euskeraren erabilera handitzeko, primeran; hori da helburua azken helburua, euskeraren normalizazioa”, azaldu du Euskara Saileko buruak.