Felix Etxeberria elgoibartarrak jasoko du Gure Balioak Saria 2017
2017/10/25
23:38
eta kitto!
Debegesa garapen agentziak 2010. urteaz geroztik sustatzen duen Gure Balioak Saria aurten Felix Etxeberria Larrañaga elgoibartarrak jasoko duela eman dute ezagutzera, “euskararen alde egindako ibilbide luze eta emankorragatik”. Saria berari emateko erabakia hartu duen epaimahaiak enpresa arloan zein herrigintzan erakutsitako “ekimena eta izaera ekintzailea” nabarmendu ditu, “beti euskara eta euskal kultura ardatz izan dituena”. Azaroaren 9an jasoko du errekonozimendua, Mendaroko San Agustin Kulturgunean 18:30ean izango den sari banaketan. Ekitaldian Maite Maiora mendi korrikalariak kirola eta balioak ardatz izango dituen hitzaldia emango du. Saridunak Juan Luis Baroja Collet artistak sari honetarako bereziki diseinatutako eskultura jasoko du.
Epaimahaikideen arabera, “euskaltzale amorratua, ekintzaile saiatua eta langile nekaezina”, Felix Etxeberria Larrañaga Parapan (Elgoibar, 1926) bere herriko alfabetatze eta euskalduntzearen, Ikastolaren eta Elgoibarko Izarra Kultur Elkartearen sorreran eta garapenean “arima eta motorra” izan dela adierazi dute sariaren antolatzaileek. Horrekin batera Danobat kooperatibaren sorreran bere partehartzeak berebiziko garrantzia izan zuen eta, bertan beharrean zegoela, Etxepe lantegia eratu zuen.
Datu biografikoak
Felix Etxeberria Larrañaga “Parapan” 1926. urtean sortu zen Sallobente - Ermuaran auzoko Parapan baserrian. 14 urterekin hasi zen lanean peoi, Eibarren. Ondoren, Orbea, Sigma eta Jarbe lantegietan aritu zen. 27 urterekin, Jarbe lantegian ari zela, Danobat sortzeko idea izan zuen eta, 1954an, hamasei lagunen artean abiarazi zuten, proiektu kolektibo gisa. Danobat kooperatibaren sorrera-prozesuan eragile lanetan jardun zuen Felixek, eta beste horrenbeste 1973an Etxepe lantegia sortu zutenean. Lan-mundua euskalduntzen ere jardun zuen eta, Danobaten kasuan, lehen hiztegi teknikoa sortu zuen. Etxeperen kasuan ere antzera izan zen, euskaraz lan egiteko eta funtzionatzeko konpromisoa hartu zuten eta, besteak beste, enpresaren irabazien zati bat euskalgintzari ematen zioten. Danobaten lan egiteaz batera, euskalgintzako eragile funtsezkoenetako bat izan da Felix Etxeberria Elgoibarren. 1959an Ongarri kultur elkartearen eratze prozesuan eta bere sustapenean parte hartu zuen; euskarazko gau-eskolen eratze prozesuan parte hartu zuen eta bertan euskarazko klaseak eman zituen 10 urtez; 1962an Elgoibarko Ikastolaren bultzatzaileetako bat izan zen eta, urtebete geroago, Elgoibarko Izarra elkarte euskaltzalearen sortzaileetako bat izan zen. Halaber, beste hainbat ekimen sustatu zituen Elgoibarren: antzerkia, dantza eta bertsolaritzaren inguruko ekimenak, Aubixa aterpetxea, mendi-irteerak… Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan kronikagile ere aritu zen. AEK-k antolatutako Korrikaren edizio ia guztietan parte hartu du eta maiz eraman du lekukoa, azkena aurtengo apirilaren 5ean, 90 urterekin. Azken urteotan buru-belarri aritu da “Elgoibar 1936” elkartearen aholkulari eta laguntzaile lanetan, memoria historikoa berreskuratzeko gerra garaiko kontuak bildu, argitu eta gizarteratzen.