Gaur arratsaldean zabalduko dute ALFA 1920-2020 erakusketa Portalean

Gaur arratsaldean zabalduko dute ALFA 1920-2020 erakusketa Portalean
2020/09/25 09:10
eta kitto!
Alfa enpresa historikoa sortu zela ehun urte beteko dira urriaren 28an eta, mendeurrena ospatzeko, gaur erakusketa zabalduko dute Portalean, erakusketa aretoan. Armagintzaren Museoak Alfa enpresaren lankidetzarekin antolatu duen erakusketa urriaren 25era arte egongo da zabalik eta, nahi duenak, martitzenetik domekara bitartean izango du ikusteko aukera, 18:30etik 20:30era. Segurtasun-neurriak direla-eta, aforoa kontrolatua izango da, eta ezingo dira 100 lagun baino gehiago egon aldi berean. Erakusketarekin batera, enpresa San Andres pasealekuan egon zen sasoian bertan zegoen mural batean oinarritutako tailerra eskainiko dute bihar, baita urriaren 3an eta 17an, 18:30etik 20:30era.

Gaur 18:30ean ateak zabalduko dituen erakusketa Alfa enpresaren sorreraren mendeurrena ospatzeko ez ezik, bere ondarea zabaltzeko eta mende osoko ibilbidean egindako lana aitortzeko asmoz prestatu dute. Antolatzaileen berbetan, “erakusketa honen bidez, Alfaren bilakaeraren haria jarraituko dugu, enpresa-talde handi bihurtu eta gaur egunera iritsi arte. Enpresaren ñabardura asko ezagutuko ditugu. Eibarko bizimoduaren eragile sozial eta ekonomikoa izan da, eta 1.600 langile baino gehiago izatera iritsi zen bere merkataritza-antolaketarekin. Mundu zabalean ezaguna den josteko makina produktu enblematikoa zuen”. Kooperatibismoaren ezarpenean aitzindari izan den eta Eibar eta Euskal Herria gainditzen dituen enpresa baten historia eta bilakaera gogoratzeko erakusketa da gaurtik aurrera Portalean ikus daitekeena. “Errebolberretik josteko makinara eta josteko makinatik nekazaritza-makineriara, ziklomotorrera, artera, aeronautikara...” esaldiari jarraituta, ALFA 1920-2020 erakusketak kooperatibismoan ez ezik beste hamaika gauzatan ere aitzindaria izan den enpresa baten ehun urteotako ondarea, historia eta eboluzioa azalduko dizkio bisitariari: “Bisitariak Alfaren eboluzioa ezagutu ahal izango du. Sasoi batean, 1.600 langile baino gehiago izan zituen eta Eibarko bizitzaren motor sozial eta ekonomikoa izan den enpresa honen hainbat ñabardura ezagutu ahal izango dira bertan eta, nola ez, haren produktu enblematikoena, mundu osoan ezaguna izatera ailegatu den josteko makina ere bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango da”.

Bestalde, erakusketa ikusteaz gain, bisitarientzat tailerrak eskainiko dituztela azaldu dute antolatzaileek: “Alfako muralean oinarritutako tailerra izango da eta joskintza eta artea bateratuko ditu. Bihar eta urriaren 3an eta 17an emango dugu, 18:30etik 20:30era. Ez da beharrezkoa izango izena aurretik ematea, baina lagun batek aforoa kontrolatuko du”.



Mundu mailako krisi ekonomiko latz eta gogor baten erdian sortu zen Alfa lantegia: “1920. urtea zaila izan zen hiri armaginarentzat. Lehen Mundu Gerraren amaierak eskarien erorketa bortitza ekarri zuen eta biltegiak saldu ezin ziren armaz beteta zeuden. Urte horretan bertan gobernuak, pistolerismoaren areagotzeaz eta atentatu anarkistek zekarten arriskuaz kezkaturik, armen salerosketa eta jabetza mugatzen zituzten lege berriak ezarri zituen”.



Krisialdiak, ezegonkortasuna eta grebak izan ziren nagusi urte osoan zehar eta, gauzak horrela, Eibarko armaginek aurrera egin ahal izateko bide berriak bilatu, beste aukerarik ez zuten izan. Testuinguru horretan, 1920ko urriaren 28an, greba luze baten ondoren, Orbea Hermanos enpresako sei langile ohik “Sociedad Anónima Cooperativa de Producción de Armas de Fuego Alfa” sortu zuten, 300.000 pezetako kapital sozialarekin. Espainiako lehen kooperatibetako bat izan zenak, gerora ere, beti eutsiko dio sortzaileek eman zioten kooperatiba eta gizartearendako izateko izaera horri.

Lehenengo tailerra orduko Vista Alegre kalean ipini zuten, Echeverria Hermanos (“Kirikixuanekua”) tailerra egon zen tokian, eta hasieran 32 eta 38ko “esmitzak” (Smith Wesson) egiten hasi zen. Hala ere, bost urte baino ez zituela, armagintzaren eta arma merkaturatzearen inguruan izandako gertakizunek bultzatuta, bere helburua eta zertarakoa aldatu egin behar izan zuen Alfak: 1925eko otsailaren 4an erabaki zuten josteko makinak egin eta saltzea. Beste askok bezala, lehendik zeuden makinekin eta beharginek egiten zekizkiten lanekin bateragarria izango zen produkturen bat bilatu zuten hauek ere. Benito Galarragari eman zioten josteko makinak egin ahal izateko koaderno teknikoak bilatzeko eta prestatzeko enkargua. Ordurako tailerra lekuz aldatuta zegoen, San Andres Pasealekura. Diotenez, josteko makinak egiteko lege-baimena ere eskuratua zuen bost urterako eta horrek mesede handia egin zion merkatuan azkar sartzeko eta produkzioa ugaritzeko: 1927. urtean 1.750 egin zituen eta 1935. urtean, berriz, 12.000 josteko-makina irten ziren Alfatik. Produkzio ahalmen horri esker, Espainia mailan josteko makinen fabrikazioan aitzindari izatera ailegatu zen. Eibarren ere garrantzi handiko lantegia bilakatu zen berehala: kontuan izan behar da ordurako 1.000 familiatik gora bizi zela Alfari esker. 1936ko gerrak eragin zuen krisiak gogor astindu zuen, baina Banco San Sebastianen laguntzari esker berriz ere burua altxatzea lortu zuen. 1940ko azaroan, “Sociedad Anónima Cooperativa Alfa” zaharraren ondasun guztiak “Maquinas de Coser Alfa, S.A” berriaren izenean ipintzeko eskriturak izenpetu zituzten eta, harrezkero, fabrikak gora egingo du nabarmen eta etenbarik.

Alfa josteko makinak atzerrira saltzen 1946. urtean hasi ziren eta 60ko hamarkadarako josteko makinak saltzeko bere merkatu-sarea bazuen. Hiriburu guztietan zeuden salmentarako sukurtsalak, ordezkaritzak eta agentziak, eta 70 herrialdetara baino gehiagotara esportatzen zituzten Eibarko fabrikatik irtetzen ziren josteko makinak. Sasoi hartan Ingalaterran eta Frantzian Alfak merkatura begira egindako antolamendu bereziak zituen eta Mexikon eta Ghanan ere izan zituen fabrikak. Alfak lortu zuen atzerrian osperik handiena. Eibarko lantegirik handiena zen eta beharginek beste inon ez zeuden bentajak zeuzkaten: “Fondos Benéficos Sociales” (1931), “Caja de Pre- visión y Socorro” (1941), “Caja de previsión Laboral de Máquinas de Coser Alfa” (1947), bertako langileentzat etxebizitzak eraiki zituen, eskolak eta udalekua haien seme-alabentzat, jangelak, ekonomatoa, liburutegia... Horien guztiengatik, Alfa tailerra baino zerbait gehiago izatea lortu zuen eta “alfista” berba, berriz, belaunaldi oso batentzat lan eta gizarte harremanak ulertzeko eta izateko modu jakin baten ikurra izan zen.