Gaur “Esnearen kolorekoa” eta bihar “Del color de la leche” Antzerki Jardunaldietan
Tanttaka konpainiako aktoreek gaur lanaren euskarazko bertsioa eskainiko dute Coliseo antzokian eta bihar gaztelerakoa toki eta ordu berean. Antzerki Jardunaldietako ohiko ordutegian eskainiko dituzte bi lanok, hau da, 19:00etan hasita. Nell Leyshon egile eta egokitzailearen dramak ordu eta erdiko iraupena izango du eta, Fernando Bernuesen gidaritzapean, honako aktoreak ikusi ahal izango ditugu eszenatokian: Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroiz.
Jendea liluratu eta hunkitu zuen lanari Madrilgo Liburusaltzaileen Gremioak 2014ko Urteko Liburuaren saria eman zion. Liburu horren antzerkirako egokitzapenean, edertasun tragiko batez, mikrokosmos ikaragarri bat irudikatu du egileak, pertsonaia bereziz betea, eta guztia ingurune bukoliko batez inguratua, urtaroen eta baserriko lanen konpasean.