Goizeko 11:00etan abiatuko da bihar Untzagatik Minbiziaren Aurkako Martxa
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen martxa solidarioaren 4. edizioa egingo da bihar Eibarren. Hiru kilometroko martxa 11:00etan hasiko da, Untzaga plazan, eta amaiera ere han izango da. Aurretik, 10:30ean, Kaxa Mugimendu eta Sormen Guneak zumba saioa eskainiko du nahi duten guztientzat, beroketa gisa. Ibilbidean zehar, Juan Bautista Gisasola Eibarko Udal Musika Eskolakoen musikaz gozatu ahal izango da. Aurreko edizioetan parte-hartze zabala izan du ekitaldi solidario honek, eta bihar ere hala izatea espero dute antolatzaileek.
Kamisetak saltzen egongo dira Untzagan, harmailen aldean, 11:00etatik 14:00etara. Maria Amor Arakistain Eibarko elkarteko presidentearen berbetan, “Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartean pazientea eta bere senideak erdigunean jarri nahi ditugu. Horregatik, jarduera honekin lortzen ditugun onura guztiak pazienteei eta senideei doako zerbitzuak eskaintzen jarraitzera bideratuko ditugu”.