GORKU eta BEATO: “Gogor hasi beharko dugu saioa, kaña eman beharko diogu hasieratik, jendea bero etorriko baita”
San Andres Eguneko gauean Untzagako karpa dantzan jarriko dute Gorka Telleria ‘Gorku’ eta Gorka Beatok. 01:00 inguruan hasita, bi DJ eibartarrek euren trebezia, jakintza eta gustu musikal guztia herrikideen esku lagako dute, doinu ezberdinen baitan gorputzak mugi dezaten.
Herrikideek hainbestetan eskatutako bikotea arituko da Untzagan. Horrela esan zuten Udaleko ordezkariek San Andres jaietako egitaraua aurkeztu zutenean, eibartarrek Gorku eta Beatoren saio bat ikusi nahi zutela azpimarratu baitzuten. Eurek, noski, atsegin handiz jaso dute eskaera eta gogotsu daude zapatuan dena emateko.
Nolako saioa prestatu duzue zapaturako?
G.T.: Normalean jartzen dudana baino funky gutxiago eta doinu ilunagoak jarriko ditut. Saioa kalean izanda, karpako eszenatokian, horrela egingo dut pixka bat aldatzeagatik.
G.B.: Egia esan, oraindik ez dakit zer jarriko dudan ere (barreak). 01:00etatik 03:00etara egongo gara eta jendea gogotsu etorriko dela pentsatzen dut. Beraz, gogor hasi beharko dugu saioa, kaña eman beharko diogu hasieratik. Gaur egun nahiko musika gogorra jarri ohi da, baina guk normalean ez dugu techno gogorrik jartzen, musika dantzarriagoa jartzen dugu, baina kasu honetan bizi hasi beharko dugu saioa.
G.T.: Saioa luzeagoa izango balitz, beste modu batean planteatu genezake (suabeago hasi eta erritmoa igotzen joan), baina denbora gutxi da eta nahiko berandu gainera. Jendea bero etorriko da.
Beraz, zuen saioak tokiaren, orduaren eta bertan bilduko den jendearen arabera moldatzen dituzue?
G.B.: Bai, noski. Burua altxatu, dagoena ikusi eta horren arabera musika mota bat edo beste jartzen dugu.
G.T.: Publikoan ikusten duzunaren arabera alde batera edo bestera jotzen duzu. Adibidez, alde batetik jo eta jendeak dantza egiteari lagatzen diola ikusten baduzu, beste bide bat hartzen duzu. Beti begiratu behar da.
Orduan, inprobisatu behar baduzue, nola prestatzen zarete aurretik?
G.T.: Saioetara musika nahikoa eraman behar duzu gauza bat edo beste gertatu daitekeela jakinik. Horrela, prest egon zaitezke saioan zehar bide bat edo beste hartzeko.
G.B.: Genero ezberdinetako musika eramaten dugu eta saioan zehar generoak txandakatzen joan gaitezke, hori da gakoa.
G.T.: Hain zuzen ere, hori da gu bion ezaugarrietako bat, ez garela genero bat jartzera mugatzen. House pixkat jarri dezakegu, techno pixka bat, disko eta funky musika ere…
Bakoitza bere aldetik arituko zarete zapatuan?
G.B.: Denbora gehiago izango bagenu, hasieran bakoitza bere aldetik eta gero elkarrekin arituko ginateke, baina ez dugu nahikoa denbora izango.
G.T.: Bakoitzak ordubeteko saioa eskainiko du. Horrela gustorago geldituko gara biok.
Sananadresetako egitarauaren prentsaurrekoan Udaleko ordezkariek esan zuten jendeak zuen saioa eskatzen zuela. Nola hartu duzue hori?
G.B.: Primeran! Denetik egon behar dela uste dut. Zenbat aldiz izan dugu horrelakoetan musika jartzeko aukera? Herrikoak gara, jendeak ezagutzen gaitu eta primerako musika jartzen dugu. Herriko musika taldeei aukerak ematen zaizkien moduan, ondo dago guri ere horrelakoetan aritzeko aukera ematea.
G.T.: Niretzat demasa da Untzagan musika jartzea!
Musika taldeei edo bakarlariei DJ-ei baino aukera gehiago ematen zaizkie?
G.B.: Ez, baina bai. Jaietan eta horrelakoetan bandak ekartzen dituzte gehienetan.
G.T.: Dena dela, gauzak pixkat aldatzen ari dira. Sanjuanetan, adibidez, Dantz-ekoak egon ziren eta ederra antolatu zuten. Egia da, hala ere, normalean rock kontzertuak eskaini izan direla. Agian normala da, ez dakit, baina bikaina da elektronikari ere tokia egitea.
G.B.: Gauza gehiago egin beharko lirateke. Gainera, gero eta jende gazte gehiago dago elektronika egiten.
G.T.: Horren adibide da SOBA. Hainbat saio antolatu dituzte (Arraten, taberna batzuetan…) eta oso ondo egon dira.
Oinarrira joanda, zer da zehazki DJ batek egiten duena?
G.T.: DJ-a izatea ez da abesti-sorta bat jartzea. Hori Spotifyn zerrenda bat jarriz egin dezakezu. Agian asko da esatea publikoari bidaia bat egiten lagundu nahi diogula, baina bai da horrelako zerbait.
G.B.: Bestalde, guk jartzen duguna publikoak ez du espero. Jendea ez dago ohituta horrelako musika entzutera. Hau da, talde bat entzutera bazoaz, badakizu talde horrek zein abesti jotzen dituen, baina DJ baten kasuan ez dakizu zein musika jarriko duen.
G.T.: Primeran dago jendeari espero ez duen musika jartzea eta zer gustatzen zaion ikustea. Jendeari dantza eginaraztea zoragarria da.
Hori lortzeko, gaitasun teknikoak edukitzeaz gain, jakintza musikal handia edukitzea ezinbestekoa izango da, ezta?
G.B.: Musika asko entzun dugu gure bizitzan zehar. Baina asko diodanean, asko da. Gainera, estilo ezberdinetako musika entzun dugu, hori da onena.
G.T.: Nik ere musika asko entzun izan dut beti eta nire etxean musika asko entzun da. Beraz, zerbait naturala izan da niretzat. Musika jartzen zuen jendea ikusten hasi nintzenean, nik ere hori egin nahi nuela jakin nuen. Beti ibili naiz musikaren munduan. Eibarko Musika Bandan aritu nintzen, musika-tresnak jo ditut... Normalean musika asko entzuten baduzu, erraza da gero jendeari jartzea, baina beste gauza bat da jendeak ulertzea ze musika jartzen duzun. Dena dela, guk jartzen dugun musika oso ezaguna izan ez arren, oso erraza da belarritik sartzeko.
G.B.: Oso garrantzitsua da musika jendearen barrenera iristea. Batzuetan musika bat jartzen dugu eta jendeari buruan txertatuta gelditzen zaio astebeterako. Hit-ak dira horiek. Zoragarria da hori lortzea.
G.T.: Dena dela, ez dugu hit-ez beteriko saioak egiten. Adibidez, hit bat jartzen dugu, gero trantsiziozko beste zerbait...
Nola egituratzen dituzue saioak? Formula jakinen bat erabiltzen duzue?
G.B.: Gauzak momentuan irteten diren bezala egiten ditugu. Ez dugu playlist bat egiten abestien ordena jakin batekin, baizik eta momentuko sentsazioen arabera musika bat edo beste jartzen dugu.
Beraz, zuentzat saioak nahiko larriak izango dira, ezta? Inprobisatu egin behar duzuelako.
G.B.: Bai, baina era berean guapoa da. Adibidez, abesti batekin egiten duzu topo eta badakizu oso ondo sartuko dela, eta sentsazio hori zoragarria da.
G.T.: Saioetan inprobisatu egiten dugu, baina abestien artean pentsatzeko denbora duzu eta aurretiaz erabakitzen duzu hurrengo abestietan zer jarriko duzun. Batzuetan zezenak harrapatzen zaitu, baina normalean denbora izaten dugu.
Nola pintxatzen duzue: Diskoak ala makina modernoak erabiltzen dituzue?
G.T.: Diskoak pintxatu ohi ditugu. Binilo pila bat daukagu eta beti erabiltzen ditut biniloak, baina zapatuan tresna modernoak erabiliko ditugu kontu teknikoengatik.
G.B.: Eszenatoki gainean egongo garenez, bibrazioak egon daitezke eta diskoak mugitu egin daitezke. Egia esan, Gorkarentzat lehen aldia izango da tresna moderno horiek erabiltzen dituena eta niretzat agian laugarren aldia (barreak).
G.T.: Lagun batek horrelako tresna bat laga dit etxean entseatzeko (barreak). Zentzu horretan nahiko justu ibiliko gara, baina moldatuko gara.
G.B.: Gaur egun ia mundu guztiak pintxatzen du horrelako tresnekin. USB pare bat eramaten dituzu, eta kitto.
Zuek, ostera, biniloak dituzue gustokoago?
G.B.: Bai, noski! Gainera, tresna moderno horiek ez dira merkeak. 2.000 euro balio du bakoitzak eta gutxienez bi behar dituzue, eta baita mahaia ere. 5.000 euro izango lirateke guztira.
G.T.: Gibson gitarra baten eta Marshall anplifikadore on batek baino gehiago balio du!
Hasi zinetenean, nola egiten zenuten?
G.B.: Kaseteekin hasi nintzen. Aita kale-garbitzailea zen eta behin kasetez beteriko poltsa bat aurkitu zuen. Hor esan zen dena 5-6 urterekin. Zintak grabatzen hasi nintzen, nahasketak egiten, gero lagunei ematen nizkien... Paga TDK kaseteetan gastatzen nuen! Tabernetan ere kaseteak grabatzeko eskatzen nien. Pixies, Extremoduro, Pet Shop Boys... Denetarik grabatzeko eskatzen nien.
Eta gero, zein pausu eman zenituzten gaur egiten duzuen egin ahal izateko? Zuen kabuz ikasi duzue?
G.T.: Gutxi gorabehera bai. Ni 2011an hasi nintzen. 2. edo 3. eskuko ekipo bat erosi nuen, disko-jogailu oso zahar bat, disko batzuk erosi nituen eta horrela hasi nintzen. Poliki-poliki martxa hartzen diozu, gauza ezberdinak ikasten duzu. Nolabaiteko belarri ona eduki behar duzu, baita teknika ere, baina edonork ikasi dezake teknika segituan. Arritmikoa ez izatea nahiko da.
G.B.: Nik ez dut solfeo ikasi, baina musika jartzen ikasi dut behin eta berriz egitearen poderioz. Mahaia eta tresnak erabiltzea dirudiena baino errazagoa da.
Musika jartzen duzuenean zer lortu nahi izaten duzue?
G.T.: Jende asko dantzan ikustea.
G.B.: Hori da!
G.T.: Jendea oso ondo pasatzen ari dela ikusten baduzu, zuk ere primeran pasatzen duzu.
G.B.: Jendeak zurekin bat egitea da gakoa. Jendearekin konektatzen baduzu, nahi duzun guztia lortu dezakezu.