Hartu hitza euskara eroso bizitzeko
Ikasturte berria hastear da herriko euskaltegietan. Eibar euskalduntzen berebiziko lana egiten dute AEK-k eta Udal Euskaltegiak, eta dagoeneko prest dira gure hizkuntzaren ezagutza eta erabilpena herritarren artean gehiago zabaltzeko. Herriko euskaltegi bietan izan gara bakoitzean eskaintzen dena zuzenean ezagutzeko eta, guri gertatu zaigun bezala, herrritarrek ere ateak zabalik aurkituko dituzte.
Matrikulatze-epea zabalik dagoenez, euskaltegiek kanpaina berriak hasi dituzte herritarrak euskara ikasi, hobetu edo gehiago erabiltzera animatuz. Aurten 40 urte beteko dituen Udal Euskaltegiaren kasuan ‘Hartu hitza’ leloa aukeratu dute oraingo kanpainarako. “Helburuak beti dira berdinak (guregana hurbiltzen diren herritarrak euskalduntzea, euskaraz trebatzea…), baina aurten beste helburu bat nabarmentzen dugu: euskararen erabilera bultzatzea”, azaldu digu Arantza Iriondo Udal Euskaltegiko arduradunak. “Ikasle hasi berriak zein maila bat dutenak euskara erabiltzera animatzeko ordua da. Lotsak uxatu, beldurrak kendu eta animatu hitz batzuk behintzat euskaraz egitera”, gehitu du Iriondok.
AEK euskaltegiak ‘Euskara eroso bizitzeko’ leloa erabili du ikasturte berriaren kanpainan. “Hain zuzen ere, gure helburua herritarrak euskaraz eroso bizitzea da. Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzen dugu eta horretarako ematen ditugu ikastaroak euskaltegian”, esan digu Eibarko AEK-ko Jone Olaizolak. “Ikasleak euskaltegian eroso egon daitezen nahi dugu, talde giro jatorrean eta konfiantzazko giroan irakaslea bidelagun izanda, baina euskaltegitik kanpo ere ikasleak euskaraz eroso bizitzea nahiko genuke, familian, lagun artean, lantokian, aisialdian… euskaraz egin dezaten”.
Aukera ugari
Aipatutako helburuak lortu nahian, euskaltegiek eskaintza zabala jarri dute herritarren eskura. Horrela, maila guztietan matrikula egiteko aukera dago, A1 mailatik hasita C2 mailaraino, eta horrez gain mintzapraktika saioak, azterketak prestatzeko aukerak eta bestelako ekintzak antolatzen dituzte.
Artikulu honen lehen orrian dagoen QRa eskaneatuz gero euskaltegi bakoitzaren eskaintza zehatza ezagutzeko aukera duzue, baina asko sakondu gabe ere esan dezakegu ikastaroak zenbait modutan egin daitezkeela: aurrez aurre, autoikaskuntzaren bitartez, online…
Ordutegiari dagokionez ere, edozein herritarren ordutegira egokitzen diren aukerak aurkitu ditzakegu euskaltegi bietan (goizean, eguerdian, arratsaldean… moldatu daitezkeen ordutegiekin). Horrela, interesa izanez gero, ez dago aitzakiarik euskaltegietan izena ez emateko.
Kolektibo estrategikoentzako deskontuak
Eibarko Udalak, Udal Euskaltegiarekin eta AEK-rekin lankidetzan, kolektibo estrategikoak euskalduntzeko baldintza bereziak eskaintzen ditu. Artikuluaren lehen orrialdeko kartelean ikusi daitekeen bezala, kolektibo horietako kideek matrikularen erdia bakarrik ordaindu beharko dute Udal Euskaltegian edo AEK-n matrikulatzen direnean.
Kolektibo estrategikoak hauek dira: 12 urte artekoen gurasoak, 16 urte beteak dituzten ikasleak, langabetuak, merkatariak eta ostalariak, eta 65 urte edo gehiagoko jubilatuak. Horrela, euskaltegiek kolektibo bakoitzaren beharretara egokitutako ikastaroak eskainiko dituzte.
Izena emateko, bestalde, honako baldintzak bete beharko dira: Eibarren erroldatuta egotea, eta klaseetara %85 edo gehiagoko asistentzia edukitzea.
Deskontu horrez gain, gainontzeko ikasleek ere badituzte matrikuletan gutxiago ordaintzeko beste aukera batzuk. Adibidez, diru-laguntza berri bat dago martxa A1 mailako ikastaroa egiteko. Horrela, aurten euskara ikasteko lehen pausoa ematen dutenek askoz ere merkeago edukiko dute matrikula. Iaz, C1 maila ikasteko diru-laguntza jarri zuten martxan 16-18 urtekoentzat eta aurten ere aukera egongo da deskontu horretaz baliatzeko.
Izena emateko
AEK euskaltegian izena emateko epea irailaren 30ean amaituko da eta matrikula euskaltegian bertan (Sostoa kaleko 1. zenbakian), telefonoz (943 20 13 79) edo webgunearen bitartez (www.aek.eus) egin daiteke, eta informazio gehiago jasotzeko eibar@aek.eus helbide elektronikora idatzi edo X sare sozialeko @eibarko_aek kontuan kontsulta egin daiteke.
Udal Euskaltegian, bestalde, irailaren 27an amaituko da matrikulazio-epea, eta izena emateko, bertaratzeaz gain (Portalea eraikinaren 2. pisuan, Bista Eder kalean), 943 700 912 edo 688 698 566 telefonoetara deitu edo WhatsApp bitartez idatzi, edo euskaltegia@eibar.eus helbidera idatzi daiteke.