Jeronimoko jostailuen istorioa amaierara iritsi da

Fermin Calbeton kaleko jostailu-dendak ateak itxi zituen maiatzaren 31n
2025/06/06 11:54
eta kitto!

Fermin Calbeton kaleko Jeronimo jostailu-dendak ateak itxi zituen maiatzaren 31n. Dendako azken arduradunak, Nerea Zabala Etxeberriak, erretiroa hartu du eta berarekin joan da 125 urteko historia. Azken hilabeteotan hainbat ikur galdu ditu herriko merkataritzak eta ziur gaude agur honekin heldu askoren barneko haurrak malkoren bat edo beste botako duela.

 

Ehun urte baino gehiagoko historia zuen Jeronimo dendak. “Uste da 1920. urtean nire aitonak etxetresna elektriko txikien denda zuela Isasi kalean. Irratiak saltzen eta konpontzen zituen”, diosku Nerea Zabala Etxeberriak. Jeronimo zuen izena bere aitonak eta horrela jarri zion dendari, gaur egunera arte izen berari eutsiz. Isasiko lokala, ostera, berehala laga zuen. “1928. urte inguruan Fermin Calbeton kaleko 11. zenbakira pasa zen”, azaldu digunez, eta salgaiak ere aldatu zituen, “drogeria, bitxi-denda eta jostailu-denda bihurtuz. Bazar moduko bat zen, pixka bat denetik saltzen zelako”.

Orain dela hogei urtera arte, Jeronimo drogeria eta jostailu-denda izan zen, eta orduan drogeriaren arloa laga eta bakarrik jostailu-denda bilakatu zen. Mugarria izan zen dendarentzat, ez salgaiak aldatzeagatik bakarrik, lokal berria ere hartu zutelako, Fermin Calbeton kalean bertan, baina 5. zenbakian. “Lokal zaharraren eraikina eraitsi egin zuten eta lokal hau hartu nuen. Lokal zaharrean jostailuen bila ibili behar ginen, bezeroei erakusteko eta abar; hemen, ostera, denen bistara eduki ditugu apaletan. Lokal zaharrean hemen baino hiru aldiz gehiago egiten genuen lan”, diosku dendari ohiak.

 

Makinen eragina

Hamarkada ugari bizi izan dituen jostailu-denda izanik, bolada ezberdinak igaro ditu negozioak. “Jostailuen ibilbidea zaila izan da. Beno, zaila ez, guk egiten dugu zaila, umeak ume direlako eta opari guztiek egiten dietelako ilusioa”, Zabalaren berbetan. Baina argi ikusi du jostailuen munduak elektronikaren bidea hartu duela (“Play Station, Nintendo…”).

Bestelako jostailuetan ere aldaketak egon direla dio, baina mugikorren eragina azpimarratuko luke Jeronimoko azken arduradunak. “Mugikorretan joko eta jolas asko dago eta, zoritxarrez, oso txikiak direnetik ematen zaie mugikorra umeei”, bere ustez. “Jostailuekin jolasten jarraitzen dute, baina makinek tokia jan egin dute. Kontua izan behar da makinekin. Gauza da gaur egungo gurasoak ere makinekin hazi direla; beraz, zaila da umeei beste zerbait ematea. Pandemiak onurak ekarri zituen zentzu horretan, elkarren artean jolasteko aukera eman zuelako”, diosku.

 

Nostalgia justuarekin

Jeronimo Etxeberria emaztea Esperanza Valdiviesorekin arduratu zen dendaz lehenengo urteetan, eta ondoren alaba Matildek eta Ciriaco Zabalak hartu zuten lekukoa, Nerearen gurasoek. Gero, azken honek hartu zuen dendaren ardura. “Gaztetan nahiko alperra nintzen, eta hara eta hona ibiltzen nintzen”, diosku umoretsu. “Jostailu artean hazi izan naiz. Familiak negozioa zuenez, beti ibili izan nintzen laguntzen eta, ikasteko orduan nahiko alperra nintzenez, hogeita gutxi urterekin lanean hasi nintzen”.

Zabalarentzat urte asko izan dira dendan lanean eta harreman estua egin du bezeroekin. “Dendako hirugarren belaunaldikoa naiz eta aiton-amonak, gurasoak eta seme-alabak ezagutu ditut. Ume bezala ezagututako asko gaur egun guraso dira”, azaldu digu.

Dena dela, ez du pena handiz laga dendaren jarduna. “Nostalgia justuarekin lagatzen dut denda. Hori argi nuen. Banekien horrela amaitzen zela nire lanaren zikloa. Gainera, gaur egun bizi dugun sasoia ez zait gustatzen. Sare sozialak gorroto ditut, ez dut nire burua horrelakoetan ikusten eta gaur egun asko saltzen da sare sozialen bitartez”, aitortzen digu Zabalak.

Jeronimo husten harrapatu arren, oraindik jostailu batzuk zenbiltzan dantzan sarreran. Jostailuz beteriko hainbat poltsa zituen bertan eta, berak horren publizitaterik egin nahi ez arren, esan beharra dago entitate sozialei emango diela saldu barik gelditu diren jostailu horiek, beste hainbat alditan egin duen bezala. Adibidez, …eta kitto! Euskara Elkarteari hainbat poltsa eman dizkio Arrateko Jaietan antolatzen duen tonbolarako.

Mila esker Nerea, eta mila esker Jeronimo, hainbeste urtetan zehar umeen artean ilusioa zabaltzeagatik!