Jon Alonso, aktorea: "Belaunaldi desberdinak batzen ditu Go!azen-ek"

Go!azen 12.0 musikalak Coliseo antzokia beteko du zapatu honetan.
Jon Alonso, aktorea: "Belaunaldi desberdinak batzen ditu Go!azen-ek"
2026/01/22 13:33
Irati Alvarez Malaxetxebarria

'Go!azen 12.0' musikal arrakastatsua aurkeztu dute gaur, urtarrilaren 22an, Eibarko Udalean. Ikuskizuna zapatu honetan, urtarrilaren 24an, taularatuko da Coliseo antzokian, eta bi emanaldi eskainiko ditu: 17:00etan eta 19:00etan. Gazte zein familientzako proposamenak harrera bikaina izan du, eta sarrera gutxi batzuk baino ez dira geratzen oraindik salgai.

Jon Alonso aktore eibartarra buru-belarri dabil lanean 'Go!azen' telesailean zein musikalean. Kameren aurrean ‘Roke’ pertsonaia antzezten ari da, Basakabiko ikasle berrietako bat. Duela hilabete batzuk …eta kitto!-n eskainitako elkarrizketan azaldu zigunez, erronka handia izan da pertsonaia hori antzeztea. Hala ere, argi adierazi du baita gaur ere: «Niretzat, ikasketa eta disfrutea izan dira nagusi prozesu osoan».

Telesailetik oholtzara

Musikalak gaur egungo gazteen errealitatearekin lotutako hainbat gai jorratzen ditu: maitasuna, anai-arreben arteko gatazkak, mendekua eta sare sozialen eragina, besteak beste. Abesti berriek erritmo bizia eta freskotasuna ematen diote narrazioari, ikuslearen arreta etengabe mantenduz.

Go!azen, euskara haurrei gerturatzeko tresna

Alonsoren ustez, Go!azen telesailak zein musikalak eragin nabarmena dute euskara haurrei gerturatzeko: «Formatua gustatu edo ez, euskararen aldeko formula arrakastatsua izaten ari da». Gainera, musikaren bidez belaunaldi desberdinak batzeko gaitasuna azpimarratu du: «Berdin dio abestia aspaldikoa den ala berria den; haurrek zein helduek abesten dituzte. Finean, belaunaldi desberdinak batzen ditugu».