José Ibarrola, artista: “Arte garaikideak publikoa baztertu du artearen ekuaziotik”

José Ibarrola, artista: “Arte garaikideak publikoa baztertu du artearen ekuaziotik”
2018/02/09 13:28
eta kitto!
Artea modu naturalean bizi zen giroan jaioa, José Ibarrolak txikitan ez zeukan argi artista izan nahi zuen ala ez. “Baina denbora kontua zen artearen sarean jaustea”. ‘Cuestión de tiempo’ erakusketa irekiko du gaur Ibarrolak Portalean eta Quatroccentora eramango gaitu hilabete honetan begirada garaikide batekin. Eskultura eta margolaritza hizkuntza berean fusionatu ditu, margoei itxura eskultorikoa eman eta kontzeptu piktorikoak hiru dimentsiotara eramanez.

 

-1.400 eta 1.500 urte artera joan zara ‘Cuestión de Tiempo’ erakusketarekin. Zerk eraman zaitu sasoi horretara?

Hainbat arrazoi daude, baina batez ere artearen munduan momentu nahasiak bizi ditugulako. Pentsatzen dut ez daukagula argi arteak zertarako balio duen eta artea nola egiten den. Galdera handiak etortzen zaizkit burura: zertarako gaude, nondik gatoz, zer gara... Erantzun ezin diren galdera horiek artean ere egokiak dira, aurrera egiten uzten dutelako. Kezka, zalantza eta nahasmen sentsazioa dago; artistek ez dituzte objektu artistikoak lantzen, obra kontzeptualak egiten dituzte; eta eskuekin lan egitea galtzen ari gara. Horrekin galtzen ari garena irabazten duguna baino garrantzitsuagoa da nire iritziz. Horren inguruan egin dut gogoeta eta horregatik joan naiz Quatroccentora. Erdi-Aro gogor eta ortodoxoa eta gero, gauzak berraurkitzeko (Grezia klasikoari begira) eta aurkitzeko (norbanakoaren kontzeptua jaiotzen da) aroa izan zen Berpizkundea. Sasoi hartan gertatzen zena aztertu dut, gaur egun bezala orduan ere aurreko galderei erantzun behar izan zielako.

-Nola berrinterpretatu dituzu sasoi horretako lanak?

Eskultura eta margolaritza lengoaia berean fusionatu nahi nituen. Margoei itxura eskultorikoa eman diet, eta alderantziz, kontzeptu piktorikoak hiru dimentsiotara eraman ditut. Artistak sailkatzeko joera dago. Margolaria edo eskultorea zara, baina nik ez dut horretan sinesten eta Berpizkundea aldarrikatzen dut. Artistak egile politeknikoak bezala ezagutzen ziren eta neure burua horrela ikusten dut. Berdin dit zein teknika erabili gauzak egiteko.

-Nola erabakitzen duzu zein teknika erabili?

Batzuetan hortik abiatzen zara, hasieratik teknika zehaztuta; eta beste batzuetan alderantziz, teknika batekin hasi eta bestera jotzen duzu.

-Zer bilatu duzu lan horien berrinterpretazioarekin?

Begirada garaikidea eman nahi izan diet lan famatu horiei. Itxuraz klasikoak dira, baina gaur egungo kodeak eman diet. Denetariko materialak erabili ditut eta ez daude arau zorrotzei lotuta. Margotzeak ematen duen gozamena aurkitu dut berriz lan honekin. Eskulana aldarrikatzen dut, akatsa erreibindikatzen dudalako. Huts egitea garrantzitsua da ikasi ahal izateko eta zure kabuz sortzen duzunean konturatzen zara horretaz. Nire margoetan akatsak ikustarazten ditut, nortasuna ematen dielako. Eskulturekin ere antzera, mozketak igartzea gustatzen zait. Horrek izugarrizko energia dauka.

-Denbora aurrera doa eta artelanak iraun egiten dute. Denbora gelditu egiten da artelanetan?

Ezetz uste dut. Ikusleak amaitzen du artelana. Arte garaikideak publikoa baztertu du artearen ekuaziotik. Ez du axola egindakoa ulertzea edo gustatzea, norberarentzat egiten dira artelanak, eta ni horren kontra nago. Publikoak ezin du baldintzatu, baina existitu behar da. 2018 urteko begiekin 1418ko lan bat ikusten baduzu, ez daukazu sasoi hartako datu eta pertzepziorik, eta oso modu ezberdinean irakurriko duzu obra hori. Ez genuke jakingo orduko sinbolo gehienak interpretatzen. Erakusketa honetan alde sinbolikoa eta elementu erlijiosoak kendu ditut eta funtsezkoarekin geratu naiz.