Jose Luis Gonzalez “Poxpolo” (kultura teknikaria): “Herritarrei begira pentsatutako proiektua da Portalea eta funtzionatu du”

Jose Luis Gonzalez “Poxpolo” (kultura teknikaria): “Herritarrei begira pentsatutako proiektua da Portalea eta funtzionatu du”
2017/01/20 12:33
eta kitto!
Urteurren bereziak biziko ditu 2017an Eibarko kulturak. Batetik, Portaleak 20 urte bete zituen iaz, baina aurten egingo da ospakizuna gaurtik otsailaren 19ra arte  antolatuko den erakusketa bereziarekin. Coliseoak,  bere aldetik, 10 urte beteko ditu aurten eta, azkenik, Antzerki Jardunaldiek ere zifra borobila beteko dute, XV. edizioa egingo baitute. Bada, beraz, zer ospatu, baina Jose Luis Gonzalez ‘Poxpolo’-k kulturak herrian duen jarduera normala ospatzea aldarrikatzen du.

- Zertan datza ‘Coliseoaren laguna’ txartelak?
Laburbilduz, Coliseora edota Udalak antolatzen dituen ekitaldietara joateko ohitura duenari dirua aurrezteko aukera ematen dion txartela da. Publikoa fidelizatzea lortu nahi dugu ekimen honen bitartez eta ikusi dugu beste herri batzuetan ondo funtzionatu duela. Astelehenetik martxan da eta %30eko deskontua izango dute txartela dutenek.

- Zer egin behar da txartela lortzeko?
Pegoran zein eibar.eus webgunean (tramiteak > udal tramiteak > kultura) egin daiteke eskaera eta txartelaren tarifa arrunta 20 eurokoa da. Badaude tarifa bereziak ere (galdetu Pegoran edo kontsultatu interneten). Jaso, bestetik, Pegoran jaso behar da txartela.

- Nola funtzionatuko du?
Sarrerak erosteko orduan bi aukera emango dira: sarrera arrunta edo ‘Coliseoaren laguna’ txartela dutenen sarrera erostea. Bigarren aukera eginez gero, ekitaldiaren sarreran txartela erakutsi beharko da.

- Pozik zaudete Coliseoak bataz beste duen publikoarekin?
Pentsatzen dut bai udalak bai herriko hainbat elkartek antolatzen dituzten ekitaldi askok publiko gehiago behar dutela.

- Portalearen 20 urteak ospatzeko erakusketa antolatu duzue. Nortzuk hartuko dute parte bertan?
Aurretik Portalean bakarkako erakusketak egin dituztenei gonbidapena luzatu eta horietako 53k eman dute baiezkoa, tartean hainbat eibartar direlarik. Erakusketa indartsua izango da. Disziplina ezberdinetako artistek hartuko dute parte, toki desberdinetakoak...

- Horrelako erakusketa baten antolakuntza ez da sinplea izango.
Garraiolariek demaseko lana egin dute!

- Artisten lanek ildo bat jarraitzen dute?
Euren esku utzi dugu artelanen aukeraketa. 20 urte hauetan arteak Eibarren izan duen presentzia, sorkuntza eta eboluzioa ikusi ahal izango da.

- Hasierako helburu guzti horiek bete ditu Portaleak?
Portaleak sortu zituen zalantzak hasieratik geratu ziren ezerezean. Gogoratzen dut zalantza handi bat zela ea jendeak Ifar kaleko aldapa igoko zuen Portalera etortzeko. 800 metro karratu ditu eraikinak, eta pentsatzen dut zalantza horiek uxatu eta ondo funtzionatu duela. Motor nagusia liburutegia da, baina musika-eskolak, Udal Euskaltegiak eta Kezkak, besteak beste, jende asko erakartzen dute. Herritarrei begira pentsatutako proiektua da Portalea, bertako errealitateari aurre egiteko, eta funtzionatu duela uste dugu. 2.000 jarduera jasotzen ditu urtean eta egunero 1.000 pertsona inguru sartzen dira, beraz, okupazioa handia da zentzu horretan.

- Ematen du Ifar kaleko aldapa igotzea ez zaiola askori axola.
Bada zalantza handiak genituen! Bai, aldapa eta guzti funtzionatu du Portaleak. Izan ere, zuzeneko kultura eskaintzen da bertan. Kontu birtualak ondo daude eta arlo horretan gu ere egokitzen saiatu gara, baina Portalean zuzeneko harremanak ematen dira, kultura modu fisikoan jasotzen da, eta jendeak oraindik horretara jotzen du.

- Portalea fisikoki eboluzionatzen joan da, gune berriak eskainiz. Helburuak ere aldatzen joan dira?
Erronkak berritzen joan gara eta baliabide gehiago eskuratu ditugu, baina oinarrizko helburuak berean jarraitzen du. Adibidez, lehen, zenbait informazio edo kontsulta egin nahi izanez gero, liburutegira joan behar zenuen. Orain, aukera gehiago daude eta eskuragarriagoak dira, baina liburutegiak bere papera betetzen jarraitzen du eta oso beharrezkoa da.

- Nola kudeatzen da hainbeste jarduera eta arlo dituen gune bat?
Zorionez talde ona dago atzean eta badakigu zerbitzu publikoa eskaintzen dugula. Hori barneratu dugu eta horrela errazagoa da lana gauzatzea.

- Portaleak zer ekarri dio Eibarko kultur bizitzari?
Portalean eskaintzen dena natural hartzen du jendeak, zorionez, oinarrizko zerbitzu bezala. Portalea itxiko bagenu, orduan konturatuko ginateke zenbaterainoko garrantzia duen herriarentzat.

- 20 urteen omenezko erakusketaz gain, beste ospakizunik egingo da?
Ez. Erakusketa gela Portaleko ikurra da arteari dagokionean, berezia da, eta horregatik pentsatu genuen erakusketa hau egitea, baina hori bakarrik.

- 2017ko agenda berezia izango da?
Normaltasunez jardungo dugu aurten ere: erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak... Normaltasun hori ere ospatzekoa da, batzuetan ez gara daukagunaz jabetzen.