Jose Mari Fernandez Basterretxea: “Irudiekin haratago joaten saiatzen naiz”

Jose Mari Fernandez Basterretxea: “Irudiekin haratago joaten saiatzen naiz”
2021/10/04 10:45
eta kitto!
Urriaren 10era arte egongo da zabalik Untzagako jubilatu-etxean Jose Mari Fernandez Basterretxea (1954) eibartarraren argazki-erakusketa. 16 urterekin hasi zen argazkiak egiten Pepe Buenacasa sasoi hartako argazkilari bikainaren laguntzaile lanetan. Harrezkero, argazkilaritza bidelagun izan du, batez ere bere beste bi zaletasun handiekin batera: mendia eta bidaiak. Erakusketa zabalik egongo da 18:00etatik 20:30era astelehenetik barixakura eta 11:00etatik 14:00etara zapatu eta domeketan. Erakusketa osatzen duten
60 argazkien bitartez era bikainean erretratatzen du inguratzen gaituena.

- Pertsona dinamikoa, bidaiaria,  "arrazako argazkilaria"... Noiz hasi zinen argazkien munduan?
16 urterekin Pepe Buenacasa argazkilariaren eskutik hasi nintzen. Bost urte inguru eman nituen Buenacasaren estudioan lan egiten. Ondoren industria munduan sartu nintzen, nire enpresa sortu nuen eta urte mordoa eman ditut nire tailerrean lan egiten, orain dela zazpi urte jubilatu nintzenera arte. Goiz jubilatzea uste dut nire bizitzan egin dudan gauzarik onenetakoa izan dela. Horri esker nire familiaz eta betidanik bidelagun izan dudan argazkilaritzaz bete-betean gozatzeko aukera daukat orain.

- Zer dela eta hasi zinen Buenacasarekin lan egiten?
16 urte nituen eta ez nuen ikasi nahi. Hor hasi zen “arazoa” etxean. Buenacasa nire aitaren lagun mina zen eta aukera paregabea izan nuen. Nire zeregina erreportaje sozialak izan ziren, baina batez ere ukituan edo erretokean espezializatu nintzen, gaian aditu bihurtuz.
Garai hartako argazkilari asko ezagutu nituen: Ares, Cortijo, Garay, Jauja...

- Nolakoa zen Buenacasaren estudioa?
Garai hartako beste argazki-dendak bezala, oso handia zen, eskaparate ederrarekin. Argazki-makina asko saltzen ziren. Atzeko aldean estudioko argazkiak egiten genituen: jaunartzeak, karneterako argazkiak,umeak, familiak... Goiko pisuan laborategia zegoen, eta han ematen nuen nik denbora gehiena. Nire espezialitatea beti laborategia izan da: errebelatua, erretokea... Argazki-moldaketa eskuz egiten genuen, ikatzezko arkatzekin eta xafla edo kutxillekin.  Kontuan hartu 70. hamarkadaz ari garela, digitala oraindik ez zela existitzen.

- Eibartar askoren ezkontzako argazkilaria izan zinen...
Eibarren 250 ezkontza inguru egin nituen! Sasoi hartako bizitza soziala itzela zen. Urtain boxeolaria Eibarrera etorri zenean Txomin jatetxean egin zen bazkaria eta han argazkiak egiten egon nintzen, Buenacasak filma grabatzen zuen bitartean. Akontezimendu bat izan zen. 17 urte izango nituen. Urte horiek markatuta utzi ninduten. Asko ikasi nuen. Argazkilaritza oso mundu zabala da eta etengabe ari zara gauza berriak deskubritzen; argia, kontraargia, diafragma, konposizioa, tiro-abiadura... Ezagun batek esan zidan bezala ,"itzalen ehiztaria" naiz, eta arrazoia dauka, argazkilariak beti gaude argiarekin jolasten.

- “Detaileak”izena jarri diozu Untzagako erakusketari. Zer aurkitu daiteke bertan?
Gure ingurua, Euskal Herria erretratatu nahi izan dut 60 argazkik osatzen duten erakusketan: itsasoa, mendia, ate bat, baserri bat, herri bat, portu bat... Inguru zoragarria daukagu; ez dago urrutira joan beharrik bizitzaz gozatzeko.

- Zer bilatzen duzu zure lanaren bidez?
Kamera irudi baten aurrean jartzen dudanean, saiatzen naiz irudiekin haratago joaten, haien bidez adierazteko gai izaten, gure izateko modua partekatzen eta mundua eta mundua ulertzeko modua sentitzen. Argazkilaritza oso arlo zabala da eta "nire detaileak" jasotzen ahalegintzen naiz; detaileak landareetan, uretan, leku guztietan. Beste batzuek ikusten ez dituzten baina niretzat garrantzitsuak diren xehetasunak; adibidez, lore batetik erortzen den polena.

- Geldirik egoten ez dakiten horietakoa zara eta denbora asko ematen duzu munduan zehar bidaiatzen.
Asko bidaiatzen dut eta milaka irudi egin ditut mundu osoan zehar: Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Kilimanjaro (Tanzania), Annapurna (Nepal), Serengeti parkea (Kenya), Pirinioak, Vietnam... Mila esperientzia bizi izan ditut. Nepalek, esaterako, erabat jota utzi ninduen. Nomadekin bizitzen egon nintzen; gertutik ezagutzeak eta nola bizi ziren ikusteak asko hunkitu ninduen. Irribarrea beti ahoan, ez zeukatena ere eskaintzen zizuten. Gauza askotaz konturatzen zara: zein berekoiak garen, zenbat bidegabekeria dauden... Leku horietan egindako erreportajeekin hau guztia isladatzen dut.

- Zenbat argazki izango dituzu zure artxiboan?
Paperean 2.000 argazki inguru izango ditut, eta digitalean 8.000. Eta hori kontuan hartuta etengabe "garbitzen" noala. Sare sozialetara igotzen ditut noizean behin eta hainbat argitalpenetan kolaboratzen dut: egutegiak, Europa Azul aldizkaria... 2000. urtetik aurrera, irudien aukeraketan lan egiten hasi nintzen eta mugimendu berrietan sartu nintzen, argazkigintza garaikidearen inguruan, hitzaldi eta tailerretan parte hartuz. 2020. urteaz geroztik, Facogi (Gipuzkoako Argazki Artistiko Garaikidea) erakundearen kide naiz.

FERNANDEZ4 FERNANDEZ1

FERNANDEZ6