Kontxa Laspiur Zabalari omenaldi herrikoia egingo diote barixakuan Ipuruako merkatu plazan

Ekitaldia nahi duten guztientzat irekia izango da, baina omenduari sorpresa eman nahi diote eta berari ezer ez esateko eskatu dute.
Kontxa Laspiur Zabalari omenaldi herrikoia egingo diote barixakuan Ipuruako merkatu plazan
2024/12/11 11:41
eta kitto!

Euskararen alde bizitza osoa eman duen Kontxa Laspiur Zabalari omenaldi herrikoia egingo diote barixakuan Ipuruako merkatu plazan, 18:00etan. Besteak beste, AEK euskaltegian euskara irakasten aritu zen Kontxak 100 urte bete berri ditu, San Andres egunean, eta egun batzuk lehenago Coliseo antzokian jaso zuen Gure Balioak saria, Bizitza Osoko Ibilbidea atalean. Dena dela, Kontxari sorpresa eman nahi diote, eta horregatik barixakuko ekitaldiari buruz berari ezer ez esateko eskatu dute antolatzaileek. Ekitaldian dokumental laburtuaren proiekzioa (ahotsak.eus), Lehengo eta oraingo euskararen saihesbideak (Xabier Amuriza), bertsoak (Trunboi eta Mikel Arrillaga) eta dantzak (Kezka dantza taldea) eskainiko dituzte, eta ondoren oroigarriak banatuko dizkiete omenduari. Amaieran pintxoak egongo dira, eta nahi duten guztiek izango dute bertaratzeko aukera. 

Kontxa Laspiurrek Korrikaren lekukoa hartu zuen aurtengo martxoan Ipuruan, bere etxe parean, eta berarekin egon ginen, ELKARRIZKETA egiten. Irakurri nahi baduzue HEMEN sakatu. Bideoa HEMEN ikusgai.