Langabezia-tasak gora egin du 2025aren amaieran, baina urte hasierakoa baino baxuagoa da
2025. urtea datu negatiboekin amaitu dugu langabeziari dagokionez. Izan ere, Eibarren zein Debabarrena eskualdean gora egin dute langabe kopuruak eta langabezia-tasak.
Abenduko datuen arabera, 1.540 lagun daude langabezian Eibarren eta langabezia-tasa % 12,29koa da. Horrela, langabeziak gora egin du herrian (azaroko datuen arabera 1.502 lagun zeuden langabezian eta langabezia-tasa % 11,99koa zen).
Urte osoari begira, ostera, behera egin dute datuek, urtarrilean 1.555 langabe zeudelako eta langabezia-tasa % 12,41koa zelako.
Eskualdeko herri guztietako datuei dagokienez, abenduko langabezia-tasa % 10,50ekoa da (azarokoa % 10,32ekoa zen). Debak jarraitzen du langabezia-tasarik baxuena izaten (% 5,34) eta Soraluze da tasa altuena duena Eibarren gainetik (% 12,93).
Abenduko datuak, herriz herri
- Eibar 1.540 (% 12,29)
- Elgoibar 526 (% 9,86)
- Mendaro 93 (% 9,41)
- Deba 141 (% 5,34)
- Mutriku 190 (% 7,24)
- Soraluze 226 (% 12,93)
- Debabarrena 2.716 (% 10,50)