Latia Emon egitasmoa azken txanpan sartu da

Sormena, ekonomia zirkularra eta gizarteratzea batzen ditu proiektuak
2024/05/10 10:55
eta kitto!

Hilabetea baino gutxiago geratzen da Ingurumenaren Nazioarteko Egunerako, ekainaren 5ean ospatzen baita. Egun berezia izango da EOLHUIko ikasleentzat, maitasun eta inplikazio handiz azken hilabetean prestatzen diharduten ekimena aurkeztuko baitute Untzagan.

 

Latia Emon deitu diote egitasmoari eta, Debegesako Enplegu eta Gizarte Berrikuntza ataleko Asmae Ourdik azaldu digunez, “ekimen parte-hartzaile eta komunitarioa da”. “Komunitatea eraldatu nahi dugu eta, era hitzetan, baita pertsonak ere”, Amaia Osoro EOLHUIko arduradun pedagogikoaren berbetan. Izan ere, bere hitzetan, parte-hartzaileek hezkuntza-balio ugari jasotzen dituzte ekimen horren bitartez: “Ekitatea eta justizia soziala, besteak beste”. Beraientzat hori oso garrantzitsua da, “oso ikasle gazteak izanik, bizi-esperientzia oso gogorrak izan dituztelako. Beraz, ekimen honen bitartez euren potentziala agerian lagatzen ari gara, potentziala badutelako, eurek ez badute ere eurengan sinesten”.

Guztira, EOLHUIko 27 ikaslek dihardute ekimenean parte hartzen eta, besteak beste, “hizkuntza bazterkeriatik datozen ikasleak dira”, Ourdik azaldu digunez. “Motxila edo karga asko duten ikasleak dira. Etxetik ekarritako zailtasunak dituzte, baita sozialak ere, estereotipoak… Gizartearen izkinetan ibiltzen dira beti, inoiz ez daude erdialdean, eta ekimen honekin erdialdean jarri nahi genituen”, gehitzen du.

Osororen berbetan, gainera, “gazte hauen ingurunean drogen edo bestelakoen bitartez bilatzen diote irtenbidea jasaten duten egoera mingarriari. Beraz, talentua dutela, gertatu zaienaren eta bizi izan dutenaren errua ez dutela esatean, eta bizitzeko beste aukera bat dutela erakustean, askotan ez dute sinesten”.

 

Enpresa moduan antolatuta

Estatu mailan egin diren ‘Cada lata cuenta’ eta ‘Pixelata’ egitasmoak oinarri hartuta, eta pandemia aurretik Azitaingo ikasleek latekin egindako muraletik abiatuz, latekin horma-irudiak egitea pentsatu zuten. “Egitasmoa hemendik ateratzea nahi izan dugu eta ikasleek aktibazio-rola edukitzea”, aipatu digu Ourdik, “gure asmoa Azitaingo ikasleen ahalduntzea sustatzea baita”. Horrela, ikasleak enpresa batetan bezala antolatu dira ekintza aurrera eramateko, ardurak banatuz. “Hornikuntzak behar izan ditugu (paleak, latak…), egurrekin horma-irudien markoak egin eta banatu ditugu, enpresa eta bestelako erakundeekin hartu-emana eduki behar izan dugu, eta abar”, zehaztu digu Osorok.

Ourdik esan bezala, “ikasle hauen ahotsa inoiz ez da entzuna izan eta orain kanpora atera da, ikasle izan ziren ikastetxeetara itzuli dira proiektua azaltzera… Beldurrak eragindako lotsarekin hasi zuten proiektua, serio hartuko edo onartuko ez zituztelakoan, eta proiektua handitzen eta izan duen onarpena  gehitzen joan den neurrian, egiten ari zirenaren garrantziaz jabetzen joan dira”.

Besteak beste, Eibar BHI Mogel, Eibar BHI Jardiñeta, Kalexka, Zumaitik, AGIFES, Azitain, San Andres Egoitza, Armeria Eskola Elkartea, Urkizu Eskola eta Aubixak hartzen dihardute parte bertan, hainbat eta hainbat herritarrez gain.

 

Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra

Azken helburua birziklatutako latekin horma-irudiak osatzea denez, parte-hartzaileek latak batu behar izan dituzte, horma-irudiak diseinatu eta, gero, horiek gauzatu. Hori guztia, gainera, jasangarritasuna sustatuz egin nahi izan dute, “toki guztietan ikusten ditugun latei beste erabilera bat emanez”, gehitzen du Osorok, eta ekonomia zirkularra da proiektuaren beste zutabeetako bat.

Edukiontziak Azitaingo udal institutuko LHko eta IHPko ikasleek sortu dituzte eta herriko zenbait gune estrategikotan daude kokatuta. Oraindik laten beharra dutenez, herritarrei dei egiten diete latak emateko, eta gero, jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren bidetik, edukiontziei beste erabilera bat emateko asmoa dute.

 

Erakusketa ekainaren 5ean

Horma-irudiak ekainaren 5ean emango dituzte argitara Untzagan egingo den ekintza berezian eta, oraindik ere latak jasotzen jarraituko duten arren, egun hauetan hasiko dira horma-irudiak sortzen.

Untzagako ekimenean zuzenean egitasmo honetan parte hartu ez duten EOLHUIko ikasleak ere egongo dira, adibidez sukaldaritza eta jatetxe arlokoak mokadutxoak eskaintzen, eta Azitaingo egoitzan egiten dena herriari ikusarazteko balio izatea espero dute.

Gero, horma-irudiak Untzagako Jubilatu Etxean egongo dira ikusgai eta sortzaile bakoitzak bere egoitzan jarriko du berak sortutakoa.