Laura Penagos, aktorea: “Antzezlana ispilu handia da publikoarentzat eta deserosoa izan daiteke eurentzat”

Laura Penagos, aktorea: “Antzezlana ispilu handia da publikoarentzat eta deserosoa izan daiteke eurentzat”
2021/03/05 10:36
eta kitto!
Laura Penagos aktore kolonbiarrak barrenean zeraman istorioa askatu du ‘Atzerrian lurra garratz’ antzezlanean eta Aurora Mora pertsonaiak hegoak jarri dizkio Euskal Herri osoa zehar zabaldu dadin. Hilaren 9an iritsiko da gurera, 19:00etan, Amancay Gaztañagak zuzenduta, emakume migratzaile baten begirada ekarriz, euskaraz. ARGAZKIA: Ainhoa Resano.




Aurora Moraren istorioak badu antzik zure istorio pertsonalarekin?

Oinarrian bai. Errealitatetik hazi den istorioa da, baina gero Amancay Gaztañagak fikzionatu egin du testua.

 

Neurri batean bizi izan duzun istorioa izanda, errazagoa egin zaizu antzeztea?

Antzerkia egitea oso zaila da. Zoritxarrez, kultura etengabeko prekarietate egoeran dago eta, horrez gain, emakumea eta migratzailea naiz. Beraz, hemen antzerkia egitea zaila izan da niretzat. Ni orain dela 12 urte etorri nintzen Euskal Herrira eta antzerkia modu profesionalean egiteko arazoak izan ditut. Zentzu horretan, Aurora Mora artista da eta antzekoa egoera bizi izan du.

 

Beraz, azkenean zuk sortu behar izan duzu antzezlan bat aktore moduan jarduteko.

Bai. Buruan galdera batzuk nituen (eta oraindik ere), eta istorioaren zati bat kontatzeko eta galderak egiteko beharra nuen. Pertsona bat noiz arte da migratzaile? Zer da kanpotarra izatea? Eta hemengoa izatea? Nola egin daiteke berba norberarenaz? Eta besteenarenaz? Galdera hauek nituen ardatz antzezlana sortzeko eta berebiziko garrantzia izan dute prozesu guztian zehar.

 

Dagoeneko jaso duzu galdera horien erantzuna?

Ez, oraindik ez. Nik ez dut erantzunik jaso, ezta antzezlanak ere. Antzerkiak ez du erantzunik; antzerkia pentsatzeko da, galderak egiteko. Gero, bakoitzak bere buruari bueltak emango dizkio.

 

Aurora Morak eta zuk zeuk bizi izan duzuenaren arabera, atzerrian lurra garratza da?

Bai. Garratza da beti daudelako hemengoak ez garela sentiarazten gaituzten keinuak edo begiradak. Oso mingarria da, arrazismo gogorra delako, eta hemen eta toki guztietan gertatzen da horrela. Horrez gain, Aurora Mora emakumea da, ez du bere tokia aurkitzen, eta demaseko zama du estigma bezala. “Ez zara hemengoa”, “kanpotarra zara”, “hau ez da zure tokia” bezala esaldiak entzun behar ditu eta oso mingarria da.

 

Aurorarentzat mingarria izan da, eta zuretzat?

Aurora Mora migratzaile sentitzen da, baina ni ez. 12 urte daramatzat hemen, euskalduna naiz eta hemengoa naiz. Beraz, keinuek edo begiradek ez zaizkit inporta.

 

Aurora mintzen duten jarrerak, keinuak eta begiradak publikoari aurkeztuz, euren ispiluaren aurrean jartzen dituzu?

Antzezlana ispilu handia da hemengo publikoarentzat eta agian deserosoa izan daiteke eurentzat. Aurorak bere egia kontatzen dio publikoari. Adibidez, zaintza-lana da antzezlanaren ardatzetako bat eta galdera potoloak planteatzen ditu gai horren inguruan. Publikoa interpelatua sentitu daiteke.

 

Fikzioan egiten den %92 gizonezkoak sortua dela aipatzen du Amancay Gaztañagak. Istorio hau, ordea, emakumezkoek sortua da. Berezi egiten du horrek?

Normalean gizonek bideratzen dute mundua, eurek dute boterea, baina ‘Atzerrian lurra garratz’ antzezlanaren taldeko gehienak emakumezkoak gara. Ez nuke esango horregatik berezia denik, baina bai da interesgarria ia bere osotasunean emakumezkoek osatzen duten lan-taldearen sormena eta hori aurrera eramateko prozesua.

 

Zuk sortutako istorioa Ander Lipusekin partekatu zenuen lehenik. Zein bide jarraitu du?

Lipus Iruñean ezagutu nuen, Nafarroako Antzerki Eskolan. Sasoi hartan gaztelaniazko antzezlan batekin nebilen, ‘La pasión de Eva’, eta elkar ezagutu eta berehala bion arteko kimika profesionala egon zen. Auslestian egin behar zen topaketa batzuetan ikastaro bat emateko esan zidan eta baietz erantzun nion, eta ikastaroan zehar nire bizipenak eta zer egitea gustatuko litzaidakeen kontatu nion. Buruan nituen galderak bota nizkion eta gaia oso interesgarria iruditu zitzaion, eta antzezlana sortzeko prozesua hasi genuen.

 

Orduan hasi zineten Amancay Gaztañagarekin elkarlanean?

Antzezlana sortzeko prozesuak bi urteko iraupena izan du, Hego Amerikako nobela baten antzekoa izan da (barreak). Lipusek Amancayren izena proposatu zuen, eta bere begirada eta sentsibilitatea aproposak iruditu zitzaizkidan. Amancayren etxera joan nintzen momentuan jakin nuen antzezlana berarekin egin nahi nuela. Lipusek eta Amancayk demaseko eskarmentua dute eta euren esperientzia oso aberasgarria da.

 

Ez zitzaizun kostatu zuk sortutako testua askatzea eta besteen esku lagatzea?

Hasieran oso istorio intimoa zen niretzat, nire intimitatea kontatzen nuelako. Hala ere, Amancayk konfiantza eman zidan eta poliki-poliki sortzen genbiltzan mundu horretan sartzera gonbidatu ninduen. Zaila izan zen, sentsibilitate handiz bizi izan nuen, istorioaren zati bat nire bizitzaren parte zelako. Gaur egun testua fikzionatuta dago eta Aurora da protagonista, ez ni.

 

Euskaraz egiten duzun lehen antzezlana da?

Bai, eta esperientzia ederra izaten dihardu. Estreinaldia hasi baino lehen oso urduri nengoen, baina Luhuson egonaldi luzea egin genuen antzezlana prestatzen eta beldurra han laga nuen. Beldur hori besarkatu nuen eta neure buruari zera esan nion: “Laura, ez da zure ama hizkuntza, euskara asko maite duzu eta orain mugatu egiten zaitu, baina lasai, konfiantzaz egin aurrera”. Antzezlanaren testuarekin lan sakona egin nuen eta konfiantzaz egiten dut aurrera.

 

Kolonbian eta Euskal Herrian ezberdin bizi da antzerkia?

Kolonbian antzerkigintza gradua ikasi nuen lau urtez eta aktore profesionala izan nintzen bi urtez. Horrez gain, arte eskolan klaseak ematen nituen. Zentzu horretan, Euskal Herriko antzerki heziketa ez dut ondo ezagutzen. Kolonbian antzerki librearen eskolan ikasi nuen. Oso eskola ona da, teknikoki batez ere. Formakuntza oso zorrotza izan zen, baina asko eskertzen dut. Formakuntza horrekin antzezle ona edo txarra izan zaitezke, baina egitekoa ondo ikasten duzu: gorputzarekin eta ahotsarekin zer eman dezakezun, antzerkiarekin duzun ardura eta konpromisoa zein den, oholtzara igo baino lehen eta igo ondoren zer egin behar duzun… Antzerkigintzaren ofizioa oso sakona eta zabala da, ez da bakarrik oholtzara igotzea.

 

Beraz, bizitzako arlo guztietan zara aktorea, ez bakarrik eszenatokira igotzerakoan?

Bai, bizitzeko modu bat da. Nire antzerki-eskolaren zati bat grotovskianoa da eta bestea stanivlaskianoa. Nik Stanivlaskiren ekintzak landu nituen batez ere baina, bestalde, nire irakasle bat Grotovskiren ikaslea izan zen Italian eta zuzenean jaso dut berak ikasitakoa. Ez naiz antzezle grovskianoa, baina Grotovskiren lana eta begirada maite ditut, antzerki sakratuaren kontzeptua. Horrela bizi dut antzerkia, niretzat antzerkia sakratua da.